Azaroaren 25a indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna da eta, horren harira, Orioko Udalak adierazpen bat helarazi nahi izan die herritarrei: "Zoritxarrez, oraindik ere kalera irteteko beharra daukagu, emakumeen kontrako indarkeria ez baita desagertu gure gizartetik".
Udalak aditzera eman du berdintasuna bere "lan-ildo garrantzitsuetako bat" dela, eta "denok batera, bidea irekitzen ari gara herri parekide, askotariko eta bizigarriago baten alde". Hala eta guztiz ere, lanketa horretan aurrera egiterakoan herritar batzuen aldetik "erresistentziak" topatzen dituztela gehitu du. Izan ere, erresistentzia horrek berdintasunaren alde jarduten diren pertsonak "seinalatzen" dituela adierazi du udalak, baita "presioa ezarri" haiengan. Ondorioz, zuzenean eragiten dio "berdintasunaren erreibindikazio publikoari": "Zenbait mutil eta gizonek haien kontrako ideologiatzat hartzen dute feminismoa eta horrek kezka sortzen digu".
Gaia lantzen jarraitu behar dela gehitu du udalak, eta kontrako jarrerak "desaktibatzeko" asmoarekin, "modu eraikitzailean" jardun behar dela, "bakoitzak bere tokitik egindako ekarpenak aintzat hartuta eta, betiere, zentzua eta elkarrekiko errespetua gidari".
Hori horrela, Udalak kalera irtetearen beharra azpimarratu du. Aurreko urteetan, udalak eta bi ikastetxeek deituta, elkarretaratzeak egin izan dituzte plazan azaroaren 25eko goizean. Aurten, ordea, Hezkidetza Mahaian biltzen diren hezkuntza-eragileek "indarrak bildu" dituzte, eta Orioko Mugimendu Feministak arratsalderako deitu duen manifestazioarekin "bat egitea" erabaki dute, "indarkeria matxisten aurkako mezu bakar eta indartsua" emateko asmoz. 19:00etan abiatuko da Herriko Plazatik eta banku morean bukatuko da, Arrantzale kalean.