Orioko Udalak eta Ostargi eta Iriki Begik elkarteek, Valentzian DANAk eragindako ezbeharren harira, material bilketa egin dute aurreko asteburuetan zehar. Herritarren laguntzari esker, azaroaren 16an eta 24an, bi material bidalketa egin zituzten antolatzaileek; taldekideek egin zuten lehenengoa, eta Aiako kamioilari batek, aldiz, bigarrena.
Bestalde, elkarteek materiala bildu dute Aiatik laguntzera joan diren hiru elektrikarirentzat. Besteak beste, lanerako arropa, botak eta maskarak jaso dituzte, "lanean dabiltzala babestuta egon daitezen". Gainera, herritarren dirulaguntzei esker, Aldaiako arreta goiztiarreko Fevadis fundaziora behar-beharrezkoa duten materiala bidali dute.
Elkarteetako kideek herritarrak eskertu nahi izan dituzte beraien parte-hartzeagatik, baita Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola, kamioi gidari aiarra eta Zumaiako boluntario taldea.
Argazkiak: utzitakoak.