Etxeluze gaztetxeak Palestinaren alde egin zuen aurreko larunbatean. Izan ere, gaztetxeko kideek hirugarren aldiz antolatu zuten Palestinaren aldeko tekno-punk jaialdia, eta hainbat izan ziren egun berezi hau ospatzera gerturatu zirenak. Prestatutako egitarau oparoari esker, musika apartaz gozatu zuten herritarrek egun osoan zehar.
Gainera, musika emanaldiak ez ezik, Gasteizko Palestinarekiko Erantzukizun Kolektiboak hitzaldi bat eskaini zuen, eta vermouth nahiz herri bazkari beganorako tartea ere egon zen.
Arratsaldera begira, kontzertuak eta DJ saioak eskaini zituzten, eta genero askotariko doinuak entzun ziren gaztetxean, besteak beste, industrial acid folk, digital punk, hard techno eta drama & bass. Antolatzaileek, jende askoren etorrera espero zutelarik, Ubegun industrialdeko aparkalekuetara bideratu zituzten entzuleak, asko furgonetekin etortzea espero zutelako.
Argazkia eta bideoa: Etxeluze gaztetxea.