Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) zuzendaritzako kide guztiak bertan zirela eta Jon Olasagasti presidentea buru zela egin zuten atzo ezohiko batzarra, batetik aurtengo kirol memoria aurkezteko eta, bestetik, datorren urteko kirol proiektua aurkezteko.
Andoni Campos OAEko idazkariak eman zituen azalpenak bertaratu ziren 125 bazkideen aurrean, eta behin aurreko batzarreko akta onartuta, 2024ko kirol memoriari errepasoa egin zuten. Joxemari Olasagasti elkarteko laguntzailea arduratu zen horretaz. Txosten mardula erakutsi zuen horrek (hemen dago eskuragarri). Datuetan jasota daude arraun elkarteko traineru guztiek, mailaz maila, aurten jokatutako txapelketa eta estropadak, eta horietan lortutako emaitzak.
2025 kirol proiektua aurkezteari ekin zion ondoren Camposek. Harrobi eta arraun eskolako organigarma osoa azaldu zuen aurrena: koordinatzailea, arraun teknikoa, fisiko teknikoa eta osasun arduraduna; maila bakoitzeko entrenatzaileak (alebinak, infantilak, kadeteak eta jubenilak)... 80 arraunlari inguruekin ari dira lanean.
Goi mailako emakumezkoen traineruaz aritu zen gero: dena ez dago lotuta, baina lanean ari direla azaldu zuten . Entrenatzaile Patxi Francesek jarraituko du, prestatzaile fisiko Rafa Gonzalez Txabarrik, eta osasun arduradun, berriz, Ainhoa Belzunegik. Arraunlariei dagokienez, esan zuten bi baja eta hiru alta egon direla (horietako bi aurretik Orion ibilitakoak dira, eta bestea Donostiarratik datorrena). Hernanin utzita jardun duten harrobiko beste hiru neska ere izango dituzte.
Goi mailako gizonezkoen trainerua ere izan zuten hizpide: oraindik gauza asko zehazteko daudela esan zuten. Jakina da, hori bai, entrenatzaileak Iker Zabala eta Anjel Larrañaga izango direla, prestatzaile fisikoa Ander Zabala izango dela, eta osasun arduraduna Ainhoa Belzunegi.
Arraunlariei dagokienez, 2024an A taldean ibilitakoetan bost baja eta bost alta egongo direla ziurra dela esan zuten, baina oraindik guztia itxi gabe dago. Hori bai, azken asteetako zurrumurruak baieztatuz, esan zuten Gorka Aranberri zarauztarra izango dela Orioko patroi berria.
Aurten Orio Bn ibilitako arraunlari bat Ondarrura joango dela jakinarazi zuten, baita 2023an jardundako beste bat ere. B traineruko beste hiru arraunlarik eginak dituzte eskaerak TKEko beste klub batzuetan jarduteko, esaterako, Getarian. Dena nola zehazten den ikusteko dagoela esan zuten.
Eskari-galderetan, klubaren egoera ekonomikoaren inguruko galderak egon ziren, baina zuzendaritzako kideek esan zuten baikor daudela. Udal kirol espazioak erabiltzeko antolaketa berria egiten ari da Orioko Udala, eta horri buruz ere galderarik egon zen. Eztabaida eragin zuen gaiak; arraunlariek toki gutxiago dute orain, eta goi mailako eta aisialdiko jarduerak uztartzearen inguruan konponbiderako bidean dabiltzala azaldu zuten.