Etxeluze gaztetxeak Palestinaren aldeko III. Tekno-Punk Jaialdia antolatu du biharko –aurreko edizioak Leitzan (Nafarroa) eta Urretxun (Gipuzkoa) izan ziren–. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 12:00etatik hasi eta gauerdira arte. Palestina hizpide izango dute egun osoan zehar, eta horrez gain, lortutako dirua hara bidaliko dute.
Egunari hasiera emateko, hitzaldia eskainiko du Gasteizko Palestinarekiko Erantzukizun Kolektiboak. Hitzaldiaren ostean, vermouth ordua girotuko du Adurrek, eta jarraian, herri bazkari beganoa egingo dute. Arratsaldera begira, kontzertuak eta DJ saioak eskainiko dituzte, eta genero askotariko doinuak entzungo dira gaztetxean, besteak beste, industrial acid folk, digital punk, hard techno eta drama & bass.
Kontzertuetarako sarrerak hamabi euroan daude salgai. Bazkariak, berriz, zortzi euro balioko du, eta menua honakoa izango da: taboule entsalada (couscousa), babarrun gorriak, arroza perretxikoekin, kalabaza labean, espinaka saltsa eta postrea. Kafea eta infusioa ere prezioaren barruan daude.
Antolatzaileek azpimarratu dute jende asko espero dutela bihar, eta horregatik, Ubegun industrialdeko aparkalekuetara bideratuko dituztela entzuleak, asko furgonetekin etortzea espero dutelako.
Egitaraua
- 12:00. Hitzaldia: Palestina, un asunto transfeminista.
- 14:00. Bermouth kontzertua: Adurrek girotuko du gaztetxea rave punk doinuekin.
- 14:30. Herri bazkari beganoa.
- 18:00. Kalejira gaztetxetik plazara, Azido Folkloricorekin batera.
- Ondoren. Taldeko argazkia aterako da.
- 18:00. Tekno-punk kontzertuak: Alien State, Godot's Eye, Linea Maginot, Grumo, El Gran Puzzle Cosmico.
- 23:00. DJ jaia Ommhy, Anita_Underkonstruction, Aitzkiller, Mistress Virgyn eta Hardrose disko jartzaileekin.