Gaurtik larunbatera, egitarau oparoarekin ospatuko dute musikarien eguna

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 21a, 07:45

Santa Zezilia egunez, herritar batzuk musika joz.

Orioko hainbat eragile aterako da kalera herriko bazterrak musika eta kantu doinuz alaitzera. Eguraldiaren iragarpena dela-eta, Herriko Plazan ematekoa zuten kontzertua frontoian egingo dute.

Azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, musikarien eguna. Ostirala da, berez, egun handia, baina aurreko egunean eta ondorengoan ere herritarren belarriak goxatzen ariko dira Orioko hainbat eragile.

Gaur, osteguna, hasiko dira ospakizunak, Danbolin musika eta dantza eskolako ikasleen emanaldiarekin. Ostiralean, herriko txaranga ibiliko da kalez kale, eta parrokian organo kontzertu bat ere izango da, Gipuzkoako XXXV. Organo Zikloaren barrukoa.

Larunbatean, azkenik, Salatxo Abesbatzako kideak aterako dira kalera, kalez kaleko kontzertua eskaintzera.

Honakoa da oriotarrek prestatutako egitaraua:

Azaroak 21, osteguna:

  • 17:15. Kalejiran abiatuko dira eskolako txistulariak eta trikitilariak, Kultur Etxetik hasita.
  • 18:00. Kontzertua, frontoian, trikitixa eta pandero taldearen, soka taldearen eta bandaren eskutik. Dantzari txikiek ere parte hartuko dute emanaldian.
  • Ondoren. Txokolate beroa egongo da partaideentzat.

Azaroak 22, ostirala:

  • 19:30. Herriko txaranga kalez kale ibiliko da.
  • 20:00. Gipuzkoako XXXV. Organo Zikloaren barruan, Bariko San Nikolas parrokian, Mikel Ansolaren organo kontzertua.

Azaroak 23, larunbata:

  • 13:00. Salatxo Abesbatzaren kontzertu ibiltaria, Kultur Etxetik abiatuta. Lau geldialdi egingo dituzte: Kultur Etxearen aurrean, Pietatearen azpian, Aritzaga plazan, eta Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide