Jostailu eta liburuen truke azoka antolatu dute Herriok eta herriko ikastetxeek

Julene Sorarrain 2024ko aza. 21a, 08:00

2022ko jostailu eta truke azoka. (Guka)

Azaroaren 29an eta abenduaren 13ean egingo dute jostailu bilketa, eta hurrengo egunean, abenduaren 14an, izango da truke azoka.

Herrio Natur Taldeak, Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta Herri Eskolarekin elkarlanean, liburu eta jostailu truke azoka antolatu du. "Aurtengoan ere, etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzuen liburu zein jostailuak badituzue, horiei guztiei erabilpen berri bat emateko aukera izango duzue. Euskara, elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea dugu helburu eta gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea", azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek.

Azoka abenduaren 14an egingo dute, 10:30etik 14:00etara, Herriko Plazan. Hori horrela, jostailuen eta liburuen bilketa egingo dute egun batzuk lehenago. Lehen bilketa azaroaren 29an izango da, herriko ikastetxeetan, 16:00etatik 16:30era bitartean. Bigarren bilketa, aldiz, abenduaren 13an egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan.

Jostailuek osorik egon behar dute eta egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Bilketa egunean etxetik eramandako jostailuak sailkatuko egingo dituzte arduradunek hiru koloreren arabera: horia, urdina eta gorria. Parte hartzaileek nahi izatera eramandako jostailu bakoitzagatik kolore bereko txartel bana jasoko dute azoka egunean trukean beste batzuk hartzeko. Gorri eta urdin sailkatutako lehen bi jostailuen truke kolore bereko bina txartel eskuratuko dituzte, eta gisa berean sailkatutako gainontzeko jostailuen truke kolore zuriko txartelak.

Truke egunean, koloretako txartelak azokak irauten duen ordutegi osoan trukatu ahalko dira, kolore zurikoak, berriz, 11:30etik aurrera. Modu horretan antolatzaileek ekidin nahi dute jostailuak ekarri dituen jendea ez gelditzea gustuko jostailurik gabe lehen orduan azokara azaldu ezin dutelako. Azoka egunean bertan etxetik eramandako jostailuak, azokan jarritakoekin ere trukatu ahal izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide