Mejillon Tigre kolektiboko Eider Adeletx eta Ane Zubeldiak poesia ikuskizuna eskainiko dute igandean, Etxeluze gaztetxean. Sarrera doakoa da.
Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da Hitz Esana. "Zer da spoken word delakoa? Batez ere ingeles hiztunak diren herrialdeetan landutako poesia-molde konkretu bat: ahoz gora esateko idatzitako poesia; errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia", azaldu dute kolektiboko kideek.
Eredu hori oinarritzat hartuta, kolektiboak Hitz Esana emanaldia osatu du: bi gorputz, 15 bat pieza indibidual, eta poesia emanalditik baino kontzertutik gertuago egon nahi duen formatua: "Zeharkatzen gaituzten bizipenak piezen muinean kokatzea: etxebizitza, sexu-indarkeria, gorpuztasuna, idoloak, erreferenteak. Hitz soilak eta, noizbehinka, musika nahasian, esandakoa eta beste guztia ere hel dakion entzuleari".