Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalaren elkarlanean, San Silbestre lasterketa antolatu du urtea kirola eginez amaitzeko. Zirkuitua urterokoa izango da eta abenduaren 30ean, 22:00etan itxiko dute inskribatzeko epea, eta nahi duenak dagoeneko badu horretarako aukera Kronoak.com atarian.
Bestetik, helduen lasterketan parte hartzeko gutxieneko adina 14 urte izango dela ere nabarmendu dute antolatzaileek. Hori horrela, 14 eta 16 urte bitartekoen gurasoek baimen-orria bete beharko dute lehenik. Sariak izango dira lehenengo postuetan sailkatzen diren korrikalarientzat (emakumeen eta gizonen kategorietan), eta parte hartzaile guztien artean ere hainbat sari zozkatuko dituzte.
Umeentzako San Silbestre lasterketak ere prestatuko ditu Orioko Atletismo Taldeak, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Haurrek egunean bertan eman beharko dute izena eta orduan jasoko dituzte beren dortsalak ere.
Honakoak izango da Orioko San Silbestre lasterketako ordutegia:
- 11:00. HH5etik beherako haurren proba: 150 metro.
- 11:10. LH1 eta LH2koen lasterketa, Sarasua erretegitik helmugara: 300 metro.
- 11:20. LH3 eta LH4ko proba: 600 metro.
- 11:30. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haur eta gaztetxoen proba: buelta txikia 1.700 metro.
- 12:00. Helduen proba: buelta txikia eta handia 5.000 metro.