Orioko Udalak, Iriki Begik eta Ostargik herritarrei dei egin zieten ostegunean Valentziara bidaltzeko produktuak eraman ditzaten Herriko Plazara. Atzo arratsaldean hasi zuten bilketa, eta gaur goizean jarraitu dute. Produktu zehatzak eskatu dituzte: uretako botak, palak, ontziak, lanerako arropa eta mangerak. Baita botikak ere: hala nola, parazetamol, ibuprofenoa eta betadine.
Gaur arratsaldean jarraituko dute materiala biltzen plazan, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar, 10:00etatik 12:00etara bitartean ariko dira.
Aurreneko furgoneta, Valentziarantz
Iriki Begik elkarte sortuberriak harremana du Valentziako bi udalekin, eta horregatik, zuzenean eramango dute produktuz betetako furgoneta Paterna herrira. Gaur bertan abiatuko dira Herrialde Katalanetarantz.
Gaur arratsaldean eta bihar jasotzen den materiala, nahiz datorren astean zehar herriko bi ikastetxeetan bilduko dutena, berriz, hurrengo igandean bidaliko dute Valentziara; herriko kamioilari batek eramango du, boluntario.