GUTUNA

Iriki Begik elkartea herritarrei aurkeztu da

Iriki Begik Elkartea 2024ko aza. 7a, 11:00

Emakume baten begia. (pixabay)

Honako gutuna helarazi diote Orio Gukari Iriki Begik elkarteko kideek.

Oriotarrei Iriki Begik elkartea aurkeztera gatoz. Kezkak partekatzen genituen herritar batzuk elkartu ginen duela urte batzuk; gizartean ikusten genituen desoreken aurrean ahal den heinean laguntzeko asmoarekin elkartu ginen, eta pixkanaka, ekintza txikiak eginez, herrian ere zer egina bazela ikusi genuen.

Gaur-gaurkoz, urtean lau ekintza nagusi egiten ditugu: otsailean Sahararen Eguna eta janari bilketa; apirila-maiatzean Orioko herritarrentzat janari bilketa, Caritasek egiten duen janari banaketaren kolaborazio moduan; azaroan neguko arropen bilketa, SOS Arrazakeriarentzat eta Donostiako Harrera Sarearentzat; eta, azkenik, sentsibilizazio ekintzaren bat egiten dugu, mahai ingururen bat edo omenaldiren bat.

Talde irekia da gurea, eta hamar bat pertsonak osatzen dugu gaur egun. Gizarte Zerbitzuekin harremanetan gaude, eta dagoeneko elkarlanean gabiltza momentuko beharrei erantzuten.

Izena eta irudia sortu berri ditugu. Uste dugu Orio herri solidarioa dela, ikusi besterik ez dagoelako Marokoko lurrikararen, Ukrainako gerratearen edo COVID-19aren bueltan sortu ziren ekintzak eta Orioko herriak haiei emandako erantzuna. Edozein egon gintezke egunen batean behar egoeran, eta herritarrak gonbidatu nahi genituzke, orain arte bezala, behar horiek besteengan ikusteko betaurrekoak janztera.

Logoa Nekane Larrañagak sortu digu. Irudian begi ireki bat agertzen da; argitasuna eta itxaropena irudikatu nahi ditu. Elkarlanaz, iluntasunari argitasuna bilatzeko.

Testu honen helburua herriari gure berri ematea da, nahi duenak parte hartzeko, eta beharra duenak, laguntza eskatzeko. Aurrerago emango dugu gure ekintzen berri Gukaren bidez. Bitartean, gurekin harremanetan jarri nahi duenak, irikibegik@gmail.com helbidera idatz dezake.

Iriki Begik elkartearen irudia. (Nekane Larrañaga)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide