Frantziako Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdean dagoen Oyonnax herrian aurreneko aldiz antolatu dute Oyonnax Urban Trail lasterketa, eta Iñigo Exposito korrikalari oriotarra izan da aurrena helmuga zeharkatzen.
Asteburuan jokatutako proban 18 kilometroko ibilbidea egin zuten, zati batzuk errepidean, beste batzuk mendian, eta baita eskaileretan gora ere.
Expositok azaldu du "hasieratik sentsazio onak" izan zituela lasterketan, eta amaiera aldera erabaki zela nork irabaziko zuen proba: "Aurreneko kilometroak goraka ziren, eta 20-30 segundoko bentajarekin ibili nintzen, baina despiste bat eduki nuen gero, eta bentaja galdu nuen. Bukaerara arte ez nuen lortu berriz ere besteengandik alde egitea".
Oriotarra Frantzian bizi da gaur egun, eta hango USO Athlétisme taldearekin aritzen da entrenatzen.