Azaroaren 15ean bukatuko da Euskaraz Gazte lehiaketara aurkezteko epea

Julene Sorarrain 2024ko aza. 3a, 10:00

Iazko Euskaraz Gazte edizioa. (Guka)

16 urtetik gorako edozein oriotar edo aiarrek parte hartu dezake lehiaketan, oinarrietan zehaztutakoaren arabera.

Orioko Udalak urtero antolatzen duen Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren 31. edizioa da aurtengoa. Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 15era arte. 16 urtetik gorako edozein oriotar edo aiarrek parte hartu dezake lehiaketan, oinarrietan zehaztutakoaren arabera.

Hauek dira lehiaketaren oinarria:

  • Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren helburua idazteko zaletasuna suspertzea da Orioko eta Aiako jendearen artean.
  • Lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz idatziak izango dira.
  • Lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izango dira. Ez da onartuko beste lehiaketaren batean saria jaso duen lanik eta, ezta ere, beste hizkuntzaren batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutakorik.
  • Lehiaketan parte hartzeko, oriotarra edo aiarra izan behar da edo, bestela, Orion edo Aian bizi, eta 16 urte beteta izan behar dira.
  • Lanen luzera librea izango da.
  • Epaimahaiak gaiaren gertutasuna baloratuko du.
  • Lehiaketak bi atal izango ditu: ipuina eta bertsoa (edo olerkia).
  • Gaia librea izango da.
  • Lanak aurkezteko era: Lanak, onartua izateko, titulua besterik ez du izango agerian. Idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan egilearen datuak jasoko dituena eta kanpoan bere lanaren titulua besterik agertuko ez duena. Adierazi beharreko datuak: egilearen izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa.
  • Pertsona batek ezin dezake sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean.

Sariak

Bi atal ezberdinduko dituzte sariak banatzerakoan; alde batetik ipuinen atala, eta bestetik, bertso edo olerkien atala. Atal bakoitzeko irabazle bakoitzari, 300 euroko saria emango zaie; bigarren sariak, 200 eurokoa izango dira; eta hirugarren sariak, aldiz, 150 eurokoak izango da. Bi accesit, bakoitza 100 eurokoa. Epaimahaia Orioko Udaleko euskara-teknikariak, Aiako kultur teknikariak eta oraindik izendatu gabeko beste pertsona batek osatuko dute.

Epaimahaiak hutsik utzi ditzake sariak. Lanak udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztuko dira. 2024ko azaroaren 15a izango da horretarako azken eguna. Antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide