Tradizioa, natura eta emakumearen ahalduntasuna uztartu ditu 'Gregori' bildumak

Julene Sorarrain 2024ko urr. 28a, 16:30

Goiuri Unanue Soia Bridaleko diseinatzaileak bere azken bilduma aurkeztu du, Donostiako Moda Jaialdiaren barruan. Gainera, sari bat jaso du bere diseinuak lehenengo aldiz pasarelan erakutsi izanagatik.

Pasa den larunbatean aurkeztu zuen Goiuri Unanue oriotarrak Soia Bridal firmaren azken bilduma, Gregori, tradizioa, natura eta emakumeen ahalduntzea uztartzen dituena. Guztira 18 jantzik osatu dute mostra, eta Donostiako Moda Jaialdian aurkeztu du, San Telmo museoan egindako desfilean.

“Aste zailak izan dira eta ez nengoen pentsatzen desfilera ateratakoan zer aurkituko nuen. Harrigarria izan da jende guzti hau ikustea", zioen diseinatzaileak aurkezpena amaitu ostean. 

Bildumaz hitz egiterakoan, Unanuek aitortu du betidanik egin nahi izan duela "horrelako zerbait" bere lan taldearekin: “Inspirazioa bilatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen, azken urteetan egindako barne-lanketa prozesuan, nire etxeko emakume guztiek nolako garrantzia izan duten nigan; nik daukadan indarra eta pasioa beraiengandik dator". Hori horrela, Unanue bere zuhaitz genealogikoan oinarritu da bilduma berriaren diseinuak eta kontzeptua sortzerako orduan, zehazki bere familiako emakumeengan: "Beraiek eman didate lotura naturarekin eta lanarekin. Gregori nik ezagutu nuen birramona bakarra izan zen. Eta bere omenean jarri diot izena bildumari".

Soia Bridalen diseinatzaileak, gainera, saria jaso zuen Lydia Irizarren eskutik, pasarelan "estreinatzeagatik". Aurkezpenari amaiera emateko, Unanuek gonbidatuak eta bere lankideak eskertu zituen azken hilabeteetako lanagatik: "Lan asko egin dugu eta aulkietan utzi dizkizuegun postaltxoek haziak dituzte, zuen etxeetan landatu ditzazuen. Ea lore politak ematen dizkizuen!”.

Argazkiak: Arte Foto.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide