Orioko Udalak bat egin du Bookstart egitasmoarekin, haurren artean irakurketa sustatzeko

Julene Sorarrain 2024ko urr. 18a, 16:00

Azaroaren 4an eta 9an eskainiko dituzte Liburu Baby Klubaren saioak, 17:00etan hasita, liburutegian. Saio bakoitzean 20 lagunentzako lekua izango da, beraz, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea liburutegian bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza elkarte artistiko-soziokulturalaren eskutik, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektuaren hirugarren edizioa jarri du martxan, irakurketa sustatzeko eskolaurreko haurren artean.

Aurten, 1000 liburu-sorta banatuko dituzte doan, Gipuzkoako sei udalerritan, hala nola, Orion, Urnietan, Larraulen, Alkizan, Ordizian eta Lasarte-Orian.  

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Orioko liburutegian. Bertan izan dira Anuska Esnal Orioko alkate, Ana Priede Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendaria eta Ana Molina Mestiza elkarte artistiko-soziokulturaleko presidentea eta Bookstart Euskadi proiektuaren koordinatzailea.

Esnalek adierazi du "irakurketa goiztiarrak hezkuntza sendo baterako oinarriak" finkatzen dituela: "Programa hau udalak aukera berdintasuna sustatzeko dituen helburuekin bat dator. Gure udalerriko haur guztiek, jatorria edo egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, erabat hazteko eta garatzeko aukera emango dieten kalitatezko baliabideak eskura izatea nahi dugu". 

Molinak proiektua hiru hizkuntzetan izatearen garrantzia azpimarratu du, horrela "publiko gehiago erakar dezakegulako, integrazioa sustatu, bateratu eta proiektua bihurtu guztiontzako zabalik dagoen espazio bat bihurtu".

Liburu-poltsak

Orion 200 liburu-poltsa banatuko dituzte 0-3 bitarteko haurren artean. Gehienak eskolaren, ikastolaren eta haurreskolaren bidez banatuko dira; baina oraindik zentroetara iritsi ez diren haurrek ere aukera izango dute liburu-poltsa eskuratzeko, liburutegian eskatuta. Orioko 0-3 bitarteko haur guztiek izango dute aukera beren liburu-poltsa eskuratzeko.

Sorta bakoitza euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu banak osatzen du. Horrez gain, oihalezko poltsa bat, proiektura ongietorria emateko gutun bat eta irakurketak haur txikientzat dituen onurei buruzko informazio-liburuxka bat ere eskainiko dute. 

Liburu Baby Kluba

Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programa osatzeko, irakurketa sustatzeko saioak egingo dituzte. Liburu Baby Kluba jarduera ludikoa, didaktikoa eta doakoa izango da. Helburua literatura, musika, artea eta naturarako interesa haur txikien eta beren familien artean sustatzea da.

Hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta ingelesa) egiten den ekimen hau Donostian sortu zen, eta hango 11 kultur etxeetan mantentzen da oraindik ere, baina Bookstart Euskadi proiektuari atxikitako herrietara ere zabaldu da.

Orion, azaroaren 4an eta 9an egingo dituzte Liburu Baby Klubaren saioak, 17:00etan, liburutegian. Saio bakoitzean 20 lagunentzako lekua izango da soilik, beraz, parte hartzeko aurrez izena eman beharko da liburutegian bertan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide