Matraka elektrotxarangak girotuko ditu gaur arratsaldean herriko kaleak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 18a, 09:00

Matraka elektrotxaranga.

Arkupe merkatari eta ostalarien elkarteak antolatu du musika saioa, oriotarrak erosketak herrian egitera bultzatzeko.

Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak Erosi Orion kanpaina jarri du martxan aurten ere, herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin. Hala, Matraka elektrotxaranga kalez kale ibiliko da 19:00etatik aurrera, eta elkarteko komertzioek haien salgaiak aterako dituzte kalera.

Bestalde, herriko establezimenduetan kontsumitzen duten herritarren artean 1.000 euroko sariak banatuko ditu elkarteak urriaren 24ra bitartean. Herritarrek txartel bat jasoko dute herrian zerbait erosi edo kontsumitutakoan: txartela ireki, eta unean bertan jakingo dute saria lortu duten ala ez: 10, 50 eta 100 euroko erosketa bonuak izan daitezke. Guztira 1.000 euroko balioa duten sariak banatuko dituzte, bi astez.

Saririk lortzen ez dutenek, dena dela, beste zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute txartel berarekin. Oria ibaiaren jaitsiera kayakean egiteko hiru sarrera bikoitz zozkatuko dituzte, izan ere, urriaren 25ean.

Egitasmoaren helburua da herritarren ohiturak aldatzea, erosketak herrian egin ditzaten eta, hartara, 0 kilometroko merkataritza sustatu dezaten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide