Orioko Udalak aurreko astean jakinarazi zuen aurrera doala zaintzaren inguruan herrian egiten ari den lanketa, eta interesa duten herritarrentzat galdetegia prestatu zuen –oraindik eman daiteke izena informazioa jasotzeko–, horiek parte har dezaten zaintzaren inguruko ekintza planaren osaketan. Izan ere, udalak prest ditu lehen azterketa eta diagnostikoa. Orain, udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi du, "denok elkarrekin, nolako zaintza eredua nahi dugun erabakitzeko eta horretara iristeko ekintza plana adosteko".
Parte hartzea "errazteko" eta "ahalik eta ahots gehien jasotzeko", bost saio egingo ditu urrian eta azaroan, Saregile emakumeen etxean.
Aurreneko bilera datorren asteartean, hilaren 22an, izango dela jakinarazi du udalak. Bilera orokorra izango da hori, komunitate osoari zuzendutakoa, 18:30ean. Hirugarren bilera azaroaren 6an izango da, asteazkenarekin, 15:00etan. Zaintzaile afektiboentzako izango da hori.
Gurasoentzako eta adingabeen zaintzaileentzako bilera ere egun berean izango da, 17:00etan, eta Txurrumuskik zaintza zerbitzua eskainiko du.
Azaroaren 13an, berriz, zainduak diren pertsonak eta etorkizunean zainduak izango direnak elkartuko dira, 12:00etan. Udalak azaldu duenez, "gogoeta egiteko gune bat izango da, hausnartzeko nola zahartu nahi dugun eta nola nahi dugun zainduak izatea".
Egun horretan bertan izango da azken saioa, 15:00etan hasita, zaintzaile profesionalei zuzenduta.