GUTUNA

Herritarrei

Orio Arraunketa Elkartea 2024ko urr. 15a, 08:52

Arraunetxea.

Orio Arraunketa Elkartearen zuzendaritzak honako gutuna helarazi zuen atzo gauean hedabideetara.

Urtebete ere ez da egun daukagun Orio AEko zuzendaritza taldearen ardura hartu genuela. Urtea ez da erraza izan.  Elkartea ezagutzen genuen arren, uretako lana alde batera utzi eta bulego eta kudeaketa lanei ekin genien. Ez dezagun ahaztu, aurrerapausoa eman genuen bakarrak izan ginela; batzarrean argitaratu genuen bezala, elkartearen egoera ekonomikoa ezagututa, ez zen lan erraza izan pausoa ematea eta egoerari buelta ematea.

Denboraldia gauzatu da, jendearen babesa sentitu dugu denboraldian zehar, hasierako beldurrak alde batera utziz eta ahaztuz, eta gauza ondo egiten ari ginen mezuak entzun ditugu. Baina, hara non, iraila heltzearekin batera, dena hankaz gora doala dirudi.

Zurrumurruena ez da berria, baina aurtengoak min egin digu. Orain arte ez irabaztea galtzea zen herrian bizi gara, azken urteetan lan onari balioa ematen ikasi dugu, baina erabakiak hartzerako garaian pauso bat ematea erabaki dugu. Pauso bat aurrera egitea: harrobiko lana egin, etxekoak landu eta irabaztera iritsi nahi dugu. Erabakiak ez dira errazak izaten eta guk erabaki bat hartu dugu. Ondo edo gaizki, gustuko edo ez, baina aukera baten alde egin dugu. Ondo aterako da edo ez.

Egoera honen aurrean sortutako zurrumurruen aurrean prentsaurreko bat ematea egokia zela aurreikusi genuen. Aurreikusi diogu, izan ere, bertan esandakotik jendeak nahi duena interpretatu, esandakoa bere erara moldatu eta asmatutakoa gehitu baitio gertatukoari. Eta zurrumurru berriak sortu dira, baita zomorroak atera ere.

Inor ez da gerturatu guregana benetako bertsioa entzuteko. Baina Orio AEren inguruan hitz egiteko denok gara libre bazkide edo ez bazkide izan. Nork esan du ez dugula aulki mugikorrik egingo? Ez dugula B ontzia aterako? Laguntza eskatzen dugunetan (arraun eskola, estropada internazionala, zerbeza feria, urtean zehar antolatutako estropada eta jaialdietan) non daude iritzi emaile hauek? Inork ba al daki bazkide eta arraunlariek zer nahi duten? Gure proiektuaren oinarri nagusia harrobia da (mutil zein neska) eta aulki mugikorra eta B ontzia gure bideorriaren parte dira.

Guri ere sortu zaizkigu hainbat galdera. Arraunlari batek Orio AEra etorri nahi badu (etorri diogu, ez ekarri), ezetz esan behar diogu? Eta Orio AEko arraunlari batek beste elkarte batera joan nahi badu arraun egitera joan egingo da, ala kendu egingo digute? Berdintasunaren bidean ere ondorengoa ikusi eta ikasi dugu: emakumezkoen traineruari buruz ez iritzi, ez galdera eta ez zurrumurrurik.

Minduta gaude, prentsan ateratako mezu aldrebestuak sinistegatik, mezu anonimoengatik, zurrumurruak irentsi eta berriak sortzeagatik. Guzti honetatik denok ikasiko dugu, eta udako denboraldiak bere lekuan jarriko gaitu denak. Harrobia eta etxeko arraunlariak hainbeste defenditzen ditugun honetan, inork ez al du pentsatu zurrumurru eta mezu hauek denek zenbateko mina egiten duten Arraun Eskolan?

Guk horia defenditu eta horretarako lanean jarraituko dugu.

Aupa Orio!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide