Iruñeko hilketa salatu dute Herriko Plazan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 12a, 08:41

Atzo Herriko Plazan egindako elkarretaratzea. (Orioko Mugimendu Feminista)

Asteazken goizaldean hil zuten 20 urteko emakumea, Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta Mugimendu Feministak deituta egin zuten elkarretaratzea atzo arratsaldean, Indarkeria matxistaren aurrean aski da! Autodefentsa feminista lelopean.

Atzo arratsaldean berriro elkartu ziren herritarrak Herriko Plazan indarkeria matxistaren aurrean aski dela esateko. Mugimendu Feministaren deiari erantzunez egin zuten protesta. Izan ere, asteazken goizaldean 20 urteko emakume bat hil zuten Iruñeko Arrotxapea auzoko etxabe batean. Poliziaren arabera, emakumeak eztabaida izan zuen erasotzailearekin, eta horren ostean hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Ospitalean hil zen. 

Emakumeen Mundu Martxak salatu du indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian hil duen bosgarren emakumea dela Iruñekoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide