Orioko Bate Bizkorrak Espainiako 18 urtez azpikoen Sofbol Txapelketan lehiatu da

Julene Sorarrain 2024ko urr. 10a, 14:30

Orio Bate Bizkorrak Espainiako Sofbol Txapelketan. (OBB)

Oriotarrek seigarren postuan bukatu zuten 13 talderen artean, partida bakoitzean "ahalegina eta dedikazioa" erakutsiz.

Joan den ostegunean, Orioko Bate Bizkorrak taldeko 18 urtetik beherako jokalariak Zaragozara (Espainia) joan ziren Espainiako 18 urtez azpikoen Sofbol Txapelketa jokatzera.

Lehen partidetan Argaren eta Madrilgo Eskolaren aurka lehiatu ziren. Lehen topaketa ostegun arratsaldean izan zen, Nafarroako Arga taldearekin. Hasieratik, partida orekatua izan zen, baina azken sarreretan oriotarrek "euren atzaparra" erakutsi zuten, lasterketa erabakigarriak lortuz eta 10-6 emaitzarekin, garaipena lortu zuten. Garaipen honekin, OBBk bere lekua ziurtatu zuen goiko taldean.

Hurrengo egunean, Madrilgo Eskolen aurka aritu ziren. OBBk, lehenengo bi sarreretan ahul hasi arren, kolpeka jarraitu eta defentsa sendo mantentzea lortu zuen. Hobekuntza izan arren, partida "porrot estuarekin" amaitu zen, 11-10 emaitzarekin, hain zuzen.

Arratsaldean, Valentziako Antorcha taldearen aurka jokatu zuten. Nahiz eta bateoak ez zuen maila eman, defentsa nabarmendu egin zen eta partida "mantentzea" lortu zuen. 5-4 emaitzarekin eman zioten bukaera.

Hirugarren egunean, OBBk partida erabakigarri bat jokatu zuen, zazpi-zortzigarren edo bost-seigarren postua borrokatzeko. Madrilgo Eskolekin topo eginez, "hasiera zaila izan zen, baina seigarren sarreran Orioko jokalariak indartsu altxatu ziren, sekulako markagailua irauliz eta 9-5 emaitzarekin garaipena lortuz", azaldu dute taldekideek.

Txapelketaren azken egunean, OBBk Madrilgo Rivasen aurka jokatu zuen, bosgarren tokiaren bila. Hasieratik "jarrera irmoa" erakutsi zuten neskek, baina aurkariek azken sarreretan erantzun zuten, 11-7 emaitzarekin. Bosgarren postura iritsi ez arren, jokalariak "harro" sentitu ziren euren jardunaz.

Txapelketa merezimenduzko seigarren postuan bukatu zuten 13 talderen artean, partida bakoitzean "ahalegina eta dedikazioa" erakutsiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide