Astean behin, herriko hitz edo esamolde bat zabalduko du udalak

Julene Sorarrain 2024ko urr. 10a, 09:00

Aritz Pardina Orioko liburutegian. (Aitziber Arzallus)

Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak biltzeko beka-deialdia egin zuen iazko udazkenean, eta, beka irabazita, Aritz Pardina oriotarra aritu da bilketa-lan horretan. Pardinak ekainean aurkeztu zion jasotako bilduma udalari, eta urritik aurrera, horiek zabaltzen hasiko dira, sare sozialen bidez.

Ekimenaren helburua da herriko hitzak eta esamoldeak jaso eta zabaltzea. "Belaunaldi berriek [esamoldeak] ezagutu ditzaten eta normaltasunez erabili ditzaten", azaldu du udalak.

Urtarrilean hasi eta ekainera bitarte, bilketa-lan "mardula egin zuen Pardinak, izan ere, 600etik gora hitz eta esamolde jaso, sailkatu eta antolatu ditu. Gehienak, ahotsak.eus  webguneko Orioko adinekoei grabatutako elkarrizketen bidez jaso ditu, edota oriotarrek han eta hemen publikatutako testuen hustuketa eginez; baina kalean entzundako hizkera bizi-biziko aleak ere jaso ditu tarteka.

Asteroko pilulak

Bilduma zabala denez, hitz eta esamolde horiek apurka zabaltzea erabaki du udalak. Sare sozialen bidez, astean behin, hitz edo esamolde baten berri emango dute, esanahia argituz eta erabilera-adibideak proposatuz: "Astero pilula bat eskainiko da, herritarren eskura jartzeko, ezagutu eta erabili dezaten". 

Udalak gehitu du, sare sozialek elkarrizketarako ematen duten aukeraz baliatuta, herritarrei "gonbita" egiten zaiela haiek ezagutzen edo erabiltzen dituzten herriko esamoldeak partekatzeko eta, hartara, "bilduma aberasteko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide