Asteburuan baieztatu du OAE Orio Arraunketa Elkarteak Iker Zabala bermeotarrak ordezkatuko duela Mikel Arostegi oriotarra gizonezkoen lehen traineruaren entrenatzaile postuan, eta gaur arratsaldean Arraunetxean izan da Zabala, elastiko horia soinean, prentsaurrean adierazpenak egiten eta kazetarien galderei erantzuten. Berarekin izan da Jon Olasagasti OAEko presidentea, eta horrek ere hainbat adierazpen egin ditu.
Bihar bideoa argitaratuko du Orio Gukak gaurko agerraldiaz, baina aurrerapen gisa, Olasagastik eta Zabalak goraipatu egin dute Mikel Arostegik egindako lana, eta biek esan dute Arostegik "zabalik" dituela klubeko ateak, "haren ekarpena baliotsua delako" OAErentzat. Haren lanari "errespetua" erakutsi nahi izan diote biek, eta presidenteak gaineratu du "laguna" ere badela Arostegi berarentzat.
Fitxajeak "talde guztiek" egiten dituztela nabarmendu dute, baina "beharrezkoak" bakarrik egingo dituztela ziurtatu dute, "egoera ondo aztertuta eta baloratuta", eta ahal dela etxekoekin kontatuko dutela. Zabalak dei egin die arrauna utzita edo kanpoan dabiltzan herriko arraunlariei, klubera gerturatu daitezen arraun egitera. Arraun eskolaren garrantzia azpimarratu du Olasagastik, eta esan du "kantitatea eta kalitatea, biak nahi" dituela Orioko klubak, eta horretan ari dela lanean zuzendaritza.
Fitxaketei dagokienez, eta kazetarien galderei erantzunez, Zabalak aitortu du Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiari deitu diola Orioko patroi izateko, baina erantzunik ez daukala esan du, eta gaur-gaurkoz, Iñigo Larrinaga dela Orioko patroia –aurtengo denboraldiko bera–.
"Arraunlariak gosez" aurkitu dituela esan du bermeotarrak, bera ere hala dagoela, eta berarentzat "erronka" dela Orion aritzea, besteak beste "Gipuzkoako arraun klub garrantzitsuena eta historia gehien duena delako". Bera "lana gogor" egitera datorrela azpimarratu du, eta bai entrenatzaileak, bai presidenteak, "lasaitasuna" eskatu diete zaleei nahiz arraunlariei, garaipenak egun batetik bestera ez direlako etorriko, baina gauzak ondo egiten ahaleginduko direlako.