Ismael Manterolak gidatuta, Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria egingo da urriaren 19an, larunbatean. 11:00etan hasiko da saioa Herriko Plazan, eta gehienez ere 25 lagunentzako lekua egongo da. Izen-ematea turismo bulegoan egin daiteke, gaurtik aurrera. Lehen txanda beteko balitz, bigarren bat antolatuko dute data berean, 12:30ean hasita.
Jorge Oteiza 1908ko urriaren 21ean jaio zen Orion, eta Udaleko Kultura sailaren asmoa da, urtero, egun seinalatu horren bueltan, kultur jarduera bat antolatzea. Eskulturaren, poesiaren, zinemaren, antzerkiaren edo hitzaldien bidez zabaldu nahi da herritarren artean artistak egindako lana.
Ismael Manterola EHUko irakasle, komisario eta arte kritikariak egingo ditu gidari lanak eta herriko lauzpabost lekutan egingo ditu geldialdiak.
Eskola umeen marrazki erakusketa
Oteizaren urteurrenaren harira, gainera, herriko ikastetxeek marrazki erakusketa antolatuko dute hilaren 21ean. Oteizaren Pietatean jarriko dira ikusgai artelanak. Ekimen honen bidez, artistaren lana eta historia haurrei ere helarazi nahi zaie.