Larunbat honetan bertan, urriak 5, haurrentzako pailazo-ikuskizuna izango da Herriko Plazan: Tomaxen abenturak bikoak Azken festa emanaldia eskainiko du, 19:00etatik aurrera. Haur eta gaztetxoentzako, halaber, ipuin-kontalari saioak izango dira urrian, azaroan eta abenduan zehar, Pello Añorga eta Miriam Mendoza kontalarien eskutik. Haurrei eta literaturari lotuta, gainera, Dorleta Kortazarrek bi eguneko tailerra emango du urrian, Nola aukeratu liburuak? izenburupean. Gurasoentzako saioak izango dira, eta haur eta nerabeei irakurgaiak aukeratzen laguntzeko gakoak emango ditu. Abenduaren 15ean, bestalde, urteroko Liburu eta Jostailu Truke Azoka egingo dute, Herrio natur taldeak eta ikastetxeek antolatuta.
Helduek, bestalde, azaroaren 15era arte izango dute literatur-lehiaketan parte hartzeko aukera; sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 3an egingo dute, Euskararen Egunean.
Udazken honetan bi liburu-aurkezpen egingo dituzte herrian: lehena datorren astelehenean bertan izango da, izan ere, Txema Pikabeak La isla de los demonios lan berria ekarriko baitu Salatxo aretora, 18:30etik aurrera; eta bigarrena azaroan izango da, Garbiñe Larrearen Sendabelarrak eta kosmetika lanarekin.
Musikak ere leku berezia izango du udazkenean. Azaroaren 21ean, Santa Zezilia egunaren bezperan, Danbolin Musika Eskolako ikasle eta irakasleek kalejira eta kontzertua egingo dituzte herrian barrena. Hurrengo egunean, Mikel Ansolak organo-kontzertua emango du elizan. Aurretik, urriaren 18an, Arkupe elkartearen Erosi Orion kanpainaren baitan, elektro-txaranga ibiliko da herria girotzen.
Ekitaldi berezien artean izango dira, azkenik, Ismael Manterolak gidatuko duen Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria urriaren 19an, eta Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak antolatu duten haurren marrazkien erakusketa, Jorge Oteiza artistaren jaiotzaren 116. urteurrenaren harira; erakusketa urriaren 21ean izango da.
Urriaren 25ean, aldiz, Orioko Kulturaren Plan Estrategikoaren aurkezpena egingo dute, 19:00etan zimitorioan. Udalak eta herriko eragileek azken hiletan egindako lanketa-prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte bertan. Egun eta ordu berean, gainera, Zainbizi elkarteak Hil aurretik nahi dut… horma inauguratuko du 19:00etan, Oteizaren Pietatean.
Iaz bezala, Gau Beltza urteko egunik beldurgarriena izango da herriko haur eta gazteentzat, ikastetxeek, Txurrumuskik, Harribil dantza-taldeak eta beste eragile batzuek urriaren 31 arratsalderako prestatu duten programari esker. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak, aldiz, Ztand up umorezko bakarrizketa egingo dute Saregilen, azaroaren 8an.
Egitaraua
Urria
- Urriak 5, larunbata: Tomaxen abenturak haurrentzako antzezlana, 19:00etan Herriko Plazan.
- Urriak 7, astelehena: Txema Pikabearen La isla de los demonios liburuaren aurkezpena, 18:30ean Salatxo aretoan.
- Urriak 14, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 3-6 urte arteko haurrentzat.
- Urriak 16, asteartea: Nola aukeratu liburuak? tailerraren lehen saioa, Dorleta Kortazarrekin. 17:30ean kultur etxean. Gurasoei zuzenduta.
- Urriak 18, ostirala: Arkupe elkartearen Erosi Orion kanpainari lotutako elektrotxaranga emanaldia, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan.
- Urriak 19, larunbata: Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria Ismael Manterolarekin. 11:00etan hasita, herrian barrena.
- Urriak 21, astelehena: Jorge Oteiza: artistak 116 urte izenburupean, haurren artelanen erakusketa. Egun osoan, Oteizaren Pietatean. Orioko Zaragueta Herri Eskolak eta Herri Ikastolak antolatuta.
- Urriak 23, asteazkena: Nola aukeratu liburuak? tailerraren bigarren saioa, Dorleta Kortazarrekin. 17:30ean kultur etxean. Gurasoei zuzenduta.
- Urriak 25, ostirala: Orioko Kulturaren Plan Estrategikoaren aurkezpena, Orioko Udalaren eta herriko eragileen eskutik. 19:00etan zimitorioan.
- Urriak 28, astelehena: Zainbizi elkartearen eskutik, “Hil aurretik nahi dut…” hormaren inaugurazioa. 18:00etan Oteizaren Pietatean.
- Urriak 29, asteartea: Pello Añorga ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 6 urtetik gorako haurrentzat.
- Urriak 31, osteguna: Gau Beltza. Iluntzean, Goiko Kalean eta Herriko Plazan.
Azaroa
- Azaroaren 7tik 17ra: San Martin festak, Ortzaika auzoan.
- Azaroak 8, ostirala: Ztand up umorezko bakarrizketa, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik. 19:00etan Saregilen.
- Azaroak 10, igandea: Goizean, bertako hazien banaketa Herriko Plazan, Herrio Natur Taldeak antolatuta.
- Azaroak 11, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 3-6 urte arteko haurrentzat.
- Azaroak 14, osteguna: Garbiñe Larrearen Sendabelarrak eta kosmetika liburuaren aurkezpena. 19:00etan kultur etxean.
- Azaroak 21, osteguna: Santa Zeziliako kalejira herrian barrena, 17:00etan, eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen kontzertua, 18:00etan Herriko Plazan.
- Azaroak 22, ostirala: Mikel Ansolaren organo-kontzertua, 20:00etan elizan.
- Azaroak 28, asteazkena: Dorleta Kortazarren ipuin-kontalari saioa, 18:00etan kultur etxean.
Abendua
- Abenduak 3, asteartea: Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sari-banaketa, 18:30ean kultur etxean.
- Abenduaren 5etik 8ra: San Nikolas festak.
- Abenduaren 15ean, igandea: Liburu- eta jostailu-truke azoka, Herrio Natur Taldeak eta ikastetxeek antolatuta. Goizean, Herriko Plazan.
- Abenduak 16, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 3-6 urte arteko haurrentzat.