Aste honetan elkartu da bigarren aldiz Orioko festa-batzordea, San Nikolas festetako programa lantzeko asmotan. Iaz bezala, omenduko den herritarra norbanako edo elkartea aukeratzeko deialdi irekia egitea adostu dute. Hori horrela, ekarpenak bidaltzeko epea urriaren 11a, ostiralera arte egongo da zabalik.
Omendua izateko bi irizpide bete beharko dira, hala nola, Oriotarra izatea edo herriarekin harreman zuzena izatea, eta gizarte-, kultura- edo kirol-alorretan ekarpena egin izana.
Proposamenak helarazteko hainbat bide izango dira, besteak beste, galdetegi honen bidez edota Zaharren Babeslekuan jarriko den fitxaren bidez, hautagaiaren izen-abizenak edo elkartearen izena, eta omendua izateko arrazoiak azalduz.
Ondoren, festa-batzordeak proposamen guztiak aztertuko ditu, eta horien artean, aurtengo omendua nor izango den erabakiko du.
Iazko festetan, Koldo Arrutiri, Bixente Lasari eta Jesus Makazaga Makatza izan ziren omenduak. Hirurek herritarren omenaldia jaso zuten San Nikolas festetan, urteetan herritarrentzako otorduak prestatzen egin duten lana txalotzeko.