Espetxean sartu dute joan den larunbatean atxilotutako gizona

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 11:00

Bikoteari eraso egin eta taberna bateko bezeroak labana batekin mehatxatzeagatik atxilotu zuten 33 urteko gizona. Polizia-izapideak amaitu ostean, atxilotua herenegun espetxeratu zuten, Donostiako epailearen aginduz.

Atxiloketa eragin zuten gertaerak joan den larunbatean, irailaren 28an gertatu ziren Orion, goizeko 04:30ean. Ertzaintzaren patruilak abisu bati erantzunez bertaratu ziren, ostalaritzako establezimendu batean gizon bat arma zuri batekin pertsona batzuk mehatxatzen ari zela jakinarazi ondoren. Erasotzaileak aurre egin zien bezero batzuei eta bikotekidea jo zuen. Horrez gainera, kalteak egin zituen tabernan: "Terrazako altzariak eta leihate bateko kristalak hautsi zituen eta beirazko botilatxoak apurtu zituen, eta gero horiekin mehatxatu zituen bere parean aurkitu zituen pertsonak", ziurtatu du Ertzaintzak. 

Patruilek Orioko zubian aurkitu zuten pertsona hori, N-634 errepidearen ondoan, eta egoera kontrolatu eta erasotzailea identifikatu zuten. Gizona "objektu arriskutsu batekin mehatxu egiteagatik" eta "genero-indarkeriako ustezko delitu batengatik" atxilotu zuten.

Atxiloketaren ondoren, Ertzaintzak hiru estankotan, Arrasateko bitan eta Orioko batean, aurtengo urtarrilean eta otsailean ustez pertsona berak beldurra erabiliz egindako hiru lapurretarengatik egiten ari zen ikerketak alderatu ahal izan ditu.

Ikerketako agenteek, epailearen baimenarekin, atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten. Bertan, lapurretetako batean erabilitako janzkerarekin bat zetozen jantziak eta osagarriak aurkitu zituzten, bai eta Arrasateko lapurretetako batean erabili ahal izan zuen arma labur simulatu bat ere.

Polizia-izapideak amaitu ondoren, atxilotua herenegun, astelehena, jarri zuten Donostiako epailearen eskuetan, eta honek espetxean sartzeko agindua eman zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide