Urriaren 10ean hasiko da Neska Gazteak Feminismorantz! egitasmoa, Saregile Emakumeen Etxearen eskutik. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela "ikastaro bat, baizik eta programa ireki bat, eta ez da izena eman beharrik". Herriko bi ikastetxeetan egin dute deialdia, DBH3ko eta DBH4ko neskei hain zuzen. Hala eta guztiz ere, herritik kanpo ikasten duten neskak ere "gonbidatuta" daudela adierazi dute. Hilean behin elkartuko dira Saregile bertan, eta asmoa da neskak feminismora gerturatzea eta interesatzen zaizkien gaiak lantzea ikuspegi feministatik. "Ez daukagu programazioa erabat itxita, beraien eskaeren arabera moldatuko dugu", eman dute aditzera.
Iaz, esaterako, eskoletako azaroaren 25eko ekitaldia elkarlanean antolatu zuten, eta ligatze tailer bat egin zuten Libe Osa sexologoarekin. Horrez gain, feminismoak, LGTBIQ+ borrokak, maitasun erromantikoa... bezalako gaiak landu zituzten.