Enpresa ideia landu edota sortu nahi duten ekintzaileei zuzendutako programa abiatu dute eskualdean

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 1a, 15:00

Programan parte hartuko duten ekintzaileek laguntzak jasotzeko aukera izango dute.

Taldeko aholkularitza, dirulaguntza eta bakarkako aholkularitza eskainiko diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak programa honen bidez ekintzaileei. 

Enpresa ideiak dituzten ekintzaileei zuzendutako programa abiatu dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarlanean. Hiru hilabeteko iraupena izango du programa horrek eta urrian hasiko da. Astean behin, taldeko saio eta bakarkako tutoretzen bitartez, bere enpresa ideia edo jarduera landu eta sortuko dute ekintzaileek.

Prozesuan parte hartzeagatik Lanbidek ematen dituen dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte programa honetan parte hartuko duten lagunek. Bi dirulaguntza mota izango direla azaldu dute programaren bultzatzaileek. Batetik, enpresa ideiak aztertzeko 1.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute sustatzaileek. Bigarren dirulaguntza 1.500 eurokoa izango da eta enpresa berria sortu eta alta ematen dutenei emango zaie. 

Bien kasuan, zenbatekoak %15eko igoera eduki ahal izango du, baldin eta sustatzaileak 18 urtetik 30era urte bitarteko adina badu. Ekintzailea emakumea bada, beste %15eko igoera izango du.

Interesdunek urriaren 18ra arte izango dute enpresa ideia berriak aurkezteko epea; jarduera berriak aurkezteko orduan, epea urriaren 25era artekoa izango da. Eskaerak Urola Kosta Udal Elkartean bertan (Urdaneta Bidea, 6, 20800 Zarautz), edota Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Programan parte hartzeko eta dirulaguntzak eskuratzeko interesdunek eskualdean erroldatuta egon beharko dute, eta ezingo dute aurreko urtean IAEN alta emanda egon; langabezian egon beharko dute eta prozesuan esklusiboki egon beharko dute (edo %30eko lanaldia baino gutxiago izan); aurreko urteetan gai beraren inguruko laguntzarik jaso izan dutenek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

Gaia azaltzeko, aurrez aurreko bilerak egingo dituzte urriaren 16an: 9:00etatik 10:00etara eta 13:00etatik 14:00etara euskaraz izango dira saioak; 10:00etatik11:00etara, berriz, gazteleraz.

Argibideak jasotzeko, Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapen Zerbitzuarekin jar daitezke kontaktuan, 943-89 09 08 (Jon Ander) telefonora deituta edo enpresasustapena@urolakosta.eus helbidera idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide