‘Mareak’ kultur emanaldiak musika eta hitza uztartuko ditu gaur

Onintza Lete Arrieta (Gipuzkoako Hitza) 2024ko ira. 20a, 11:00

Gorka Hermosa, Toti Martinez de Lezea eta Edurne Zabalo, iaz, Hernaniko Txillida Leku museoan. (Mikel Martinez de Lezea)

Kultur Etxean izango da emanaldia, arratsaldeko zazpietan. Hiru artista izango dira oholtzan: Toti Martinez de Lezea, Gorka Hermosa eta Edurne Zabalo. Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua.

Punta-puntako hiru artistaren emanaldia izango da gaur arratsaldean, Orion. Izan ere, Kultur Etxean Mareak izeneko emanaldia egingo dute, 19:00etan, eta Toti Martinez de Lezea idazleak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaile eta konpositoreak, eta Edurne Zabalo klarinetistak parte hartuko dute. Musika eta hitza uztartuko ditu emankizunak, eta ikus-entzuleak kostaldeko emakumeen istorioetan murgilduko ditu.

Ikuskizuneko testua Martinez de Lezearen Mareak eleberrian dago oinarrituta: "Kostaldeko emakume euskaldunari buruzko saiakera bat egiteko eskatu zidaten, baina ez dago emakume horri buruzko ezer zehatzik idatzita. Izenik ere ez dago", esan du Martinez de Lezeak. "Beraz, 35 herri aukeratu nituen, eta herri bakoitzeko emakume baten kontakizun bat idazteko ideia bururatu zitzaidan. 35 herri, 35 emakume, 35 istorio. Horixe da ikuskizunaren abiapuntua, eta oso pozik nago egindako lanarekin". Gaurko saioan, beraz, kostaldeko emazteak, amak, alargunak, saregileak, eskabetxerak izango dira protagonista, besteak beste. Andre horien pozak eta tristurak izango dituzte hizpide.

Martinez de Lezea ziur dago saiora joango direnek "asko gozatuko" dutela. "Euskal Herriko kultura biziki maite duten hiru pertsona izango gara oholtzan, eta maitasun hori musikaren eta hitzaren bitartez transmititzen saiatuko gara".

Ez da Mareak ikuskizuna egingo duten aurreneko aldia. Deban eta Santanderren (Espainia) aurkeztu zuten lehenago, eta Hermosak esan du jendearen erantzuna "oso polita" izan zela bietan. "Ez da askotan jorratu den gai bat, baina kostaldeko emakumeek lan itzela egin dute eta asko sufritu dute, eta hori kontatuko dugu emanaldian". Istorioetako asko "oso gogorrak"  izan arren, akordeoi jotzaileak azaldu du emanaldiari ez zaiola faltako alaitasun eta umore ukiturik: "Toti eszenatokian egonda, alaitasuna ziurtatuta dago". Musikari dagokionez, Hermosak akordeoia joko du, eta Zabalok, klarinetea. Martinez de Lezeak ohore handitzat dauka bi musikari haiekin aritzea, eta nabarmendu du emanaldian interpretatzen duten musika "oso originala" dela.

Hermosak konposatutakoa da musika, baina esan du zaila egiten zaiola hura deskribatzea. "Musika klasikoa da emanaldirako egin duguna, baina badu musika herrikoiaren eragin oso handi bat, baita jazz ukitu handi bat ere". Gaineratu du doinuek badutela bere gaztaroarekin lotura: "Gaztetan punkia nintzen, eta uste dut probokazio punkiaren puntu handi bat ere baduela". Hermosaren arabera, Martinez de Lezea "bonba bat" da eszenatoki gainean. Horrenbestez, haren arabera, "emanaldi bizia" izango da Oriokoa: "Zurrunbilo bat da Toti, sekulako jarioa dauka, izugarri irakurri du eta historiaz izugarri daki, eta gustua ematen du hura entzuteak. Gidoia oinarri bat baino ez da, askotan hasten baita pasadizoak kontatzen. Jendea txundituta eta aho zabalik gelditzen da".

Zabalorekin aritzeak ere pozten du Hermosa: "Gozamen hutsa da Edurne bezalako klarinetista handi bat gurekin izatea, sekulako malgutasuna eta maila ematen digulako. Uste dut musikalki maila oso oneko emanaldia izango dela".

Azaroan, Getarian

Hiru artistek orain urte asko ezagutu zuten elkar. Mareak ez da elkarrekin egindako aurreneko emanaldia, Sorginak emanaldia eskaini izan baitute lehenago, Mareak-en formatu berean. Sorginak lanarekin izandako arrakastak eraman ditu hirurak Mareak sortzera.

Azken hilabeteetan lanez gainezka daudela esan dute artistek. Martinez de Lezea, adibidez, aurten argitaratuko duen eleberriarekin ari da lanean, "jo eta su", azken ukituak ematen, eta laster ateratzeko asmotan da. Bestetik, Berlingo Filarmonikak oraintsu Hermosak akordeoirako eta orkestra sinfonikorako ondutako obra bat estreinatu du. Hermosak dio mundu osoan zehar ematen dituela kontzertuak, baina, batik bat, Euskal Herrian. Bihar, esaterako, Zumaian izango da, Itzurun hondartzan, Jon Maiaren Kantu berri bat gara. Zumaia harri eta herri izeneko emanaldian, eta aurreko astean Oreka TX taldearekin aritu zen. "Astero saltsa desberdin bat izaten dut".

Mareak ikuskizunarekin jarraitzekoak dira aurrerantzean, eta dagoeneko zehaztuak dituzte ikuskizun batzuk. Azaroaren 24an izango dute hurrengoa, Getarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide