Laugarren postuan amaitu du Eusko Label liga Orio Arraunketa Elkartearen traineruak, eta denboraldiko azken estropadan erakustaldia emanda, gainera. Izan ere, atzo Portugaleteko (Bizkaia) itsasadarrean Urdaibai bakarrik izan zen oriotarren trainerua baino azkarragoa. Satisfazio horrekin amaitu dute liga Mikel Arostegiren mutilek, eta entrenatzaile oriotarrak nabarmendu du, gainera, "bederatzi kanteranorekin" itsasoratu zirela.
Onartu du itsaso nahasiarekin ez dira oso abilak izan aurten arraunean, "baina itsaso barean bai", eta atzokoan, gainera, laugarren postua defendatu nahi zuten –Hondarribia puntu bakarrera zegoelako sailkapenean, bosgarren–; horregatik, "denak ematera" atera zirela aitortu du.
Denboraldian zehar sarri esan dute klubak nahiz Arostegik berak, hasieran jarritako helburuak gainditzen joan direla denboraldiak aurrera egin ahala, eta hortaz, aurtengoarekin "oso gustura" gelditu direla berretsi dio Arostegik Orio Gukari.
Etorkizuna, argitzeko
Berari dagokionez, urtebeteko kontratua sinatu zuen Arostegik klubarekin, eta ez daki datorren denboraldian jarraituko duen. Bera prest dago, eta uste du emaitza ona lortu duela: "Sekulako denboraldia egin dugu etxeko arraunlariekin, eta uste dut jakin dudala klubak emandako aukera ondo aprobetxatzen". Arostegi gustura dago berak egin duen lanarekin ere. Hala ere, "kanpotik" jakin du Ander Zabala Urdaibaiko prestatzaile fisikoari Oriora etortzea proposatu diola klubak, eta horrek "molestatu" egin dio, "normalean entrenatzaileak aukeratzen duelako bere prestatzaile fisikoa, eta beraz, nirekin ez dutela kontatzen esan nahi duelako". Ez dago haserre, hala ere: "Klubari eskerrak ematen dizkiot niri emateagatik Orioko entrenatzaile izateko aukera. Ematea bazuten beste norbaiti, eta niri eman zidaten", azpimarratu du.
Mutilentzat eta herritarrentzat ere esker oneko hitzak besterik ez ditu: "Giro oso ona eduki dugu taldean azken estropadara arte, eta eskertu egin nahi diet nigan jarri duten konfiantzagatik ere. Baita herriari ere, asko animatu gaituztelako".