Webgunea eta liburutegia estreinatuz hasi du ikasturte berria Saregile emakumeen etxeak

Onintza Lete Arrieta

Saregile.eus webgunearen azala.

Feminismoarekin lotutako liburuentzat txokoa prestatu dute emakumeen etxeko lehenengo solairuan, eta Saregile.eus webgunea ondu dute; jada erabilgarri daude zerbitzu eta tresna berriak.

Urrian abiatuko du ikasturte berria Saregile emakumeen etxeak hainbat ikastaro, tailer eta ekintzarekin, eta hedabide honek bihar bertan emango du eskaintza horren berri.

Hiruhileko honetako programazioaz gain, ordea, bi berrikuntza ere baditu herritarrentzat Saregilek: liburutegi feminista, eta webgunea.

Liburutegia Saregilen bertan dago, lehenengo solairuan, eta feminismoari lotutako hainbat liburu eta saiakera aurkituko dituzte bertan herritarrek. Horiek maileguan hartzeko aukera izango dute, gainera.

Webguneari dagokionez, Saregile.eus erabilgarri dago gaur arratsaldetik. Emakumeen etxeak Mondragon Unibertsitateko Komunikazioko bi ikaslerekin elkarlanean egin du webgunea –Naroa Andres oriotarra eta Eneko Eizagirre zarauztarra–, eta bertan hainbat informazio jarri dute herritar guztien eskura.

Udazkeneko ekintzetan izena emateko aukera ere webgunearen bidez egin ahal izango da hemendik aurrera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide