Dozenaka herritar elkartu da Herriko Plazan Bilboko hilketa salatzeko

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 14a, 08:00

Herritar asko elkartu zen atzo plazan azken hilketa matxista salatzeko. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Mugimendu Feministak deitu zuen protesta Aski da! Indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa feminista lelopean, eta Orioko Udalak bat egin zuen deialdiarekin. 2024an Euskal Herrian eraildako laugarren emakumea izan da Bilbokoa.

Atzo, ostirala, dozenaka herritar elkartu zen 19:00etan Herriko Plazan asteazkeneko hilketa matxista salatzeko –Bilboko Santutxu auzoan 31 urteko emakumea hil zuten, ustez bikotekideak–. Herri eta hiri askotan egin dituzte protestak, eta Orioko Mugimendu Feministaren deiarekin bat egin zuen Orioko Udalak ere atzoko elkarretaratzearen harira. Aski da! Indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa feminista lelopean egin zen elkarretaratzea.

Hainbat emakume, elkarretaratzeko pankartari eusten. (Onintza Lete Arrieta)

Amaieran, mugimenduko kide batek idatzi bat irakurri zuen bozgoran. Gogorarazi zuen 2024. urtean Euskal Herrian indarkeria matxistak erailtzen duen laugarren emakumea izan dela, eta azpimarratu zuen hau "estrukturala den arazoa" dela. "Gizarte osoaren arazoa da hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten dena".

Eragileen arteko elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu eta aldarrikatu zuten: "Berriz ere baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortu nahi badugu, alderdi desberdinetatik lan egin behar dugulako denok batera. Gizarteak eraldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz amaitu behar dira".

Eragileei ez ezik, gizarte osoari ere dei egin zioten espazio guztietan eraldaketa bultzatzera, erasoak salatzera, espazio seguruak bermatzera... Hori guztia "indarrak batuta" egitearen aldekoak dira. "Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik".

Ohi bezala, borobil handi bat osatu zuten herritarrek. (O.L.A.)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide