Energia eraginkortasunari eta energia berriztagarriei buruzko doako bi formazio saio antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) udazken honetarako. Urriaren 2an eta 16an egingo dira UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Saio hauen helburua, "eskualdeko enpresek egungo egoera energetikoa ezagutaraztea, eta, etekin ekonomikoak sortzen dituzten eta beren jardueran jasangarritasuna sustatzen duten energia-kudeaketako sistemak identifikatzen laguntzea" dela adierazi dute antolatzaileek.
Enpresa iraunkor eta lehiakorrak: Energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak izango da urriaren 2ko prestakuntza saioko gaia. Bertan, energia-eraginkortasunaren onurak eta garrantzia jorratuko dituzte. "Parte-hartzaileek beren enpresetako energia-kontsumoa murrizteko ekintzak identifikatzen ikasiko dute eta jatorri berriztagarriak erabiliz autohornikuntzarako teknologiak ezagutuko dituzte", informatu du UKUEk. Saioa goizeko 10:00etan hasiko da.
Ordu berean, baina urriaren 16an, egingo da bigarren saioa, kasu honetan, Enpresentzako funtsezko gida: Energia alorreko legeak eta hauek betetzeko tresnak izango du izena, eta parte-hartzaileek indarrean dauden energia-arauak ezagutzeko ta horiek beren enpresei nola eragin diezaieketen ulertzeko diseinatu dute.
Informazio gehiago eskuratzeko edo saioetan izena emateko energia@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzi daiteke edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu.