Ez da sorpresarik izan emakumeen estropadan

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 8a, 14:08

Orioko arraunlariak Donostiako arrapalan, behin estropada amaituta. (Arnaitz Rubio Aprea)

Laugarren izan da Orio Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Bi igandetako denborak batuta, hirugarren egin dute mirotzek. 

Aski jakina zen zaila izango zela aurtengo arraun denboraldian jaun eta jabe izan den Donostia Arraun Lagunaki irabaztea, are eta gehiago lehen jardunaldirik bederatzi segundo pasako aldea zuenean bere alde. Baina baikor ziren Orioko Arraunketa Elkarteko kideak eta ezustekoa emateko gogotsu ziren Kontxako bigarren jardunaldira begira. Ez da, baina, posible izan eta nagusitasunarekin gailendu dira donostiarrak.

Lehen kaletik atera da Orio, badiako beste ertzean Arraun Lagunak, eta bien artean Tolosaldea bigarren kaletik eta Donostiarra hirugarrengotik. Arraun Lagunakek ez du sorpresarik nahi izan eta estropadako eta hasi eta gutxira segundo bateko aldea atera die Oriori eta Donostiarrari; Tolosaldea bi segundora zen. Berdintasun hori mantendu da lehen luzeko ia amaiera arte, baina ziabogara hurreratzen ari ziren heinean, Arraun Lagunakek beste martxa bat jarri dio arraunketari eta aldea handitzen joan da. Tolosaldeak, berriz, atzetik aurrera eginda, Orio harrapatu du. 5:08 denborarekin eman du buelta Arraun Lagunakek; Donostiarra izan da bigarren (5:12) eta Orio eta Tolosaldea hirugarren eta laugarren. (5:13).

Eguraldia ere aldatu da, eta euripean eta indartzen joan zen haizearekin egin dute emakumeek bueltako arraunketa saioa. Oriok sufritu egin du itzulerako luzean, eta estropada irabaztea ahaztuta, hirugarren postua lortzeko borroka egin behar izan du Tolosaldearekin. Laugarren kaletik ihes egin du Donostia Arraun Lagunakek eta bi traineru atzetik, bigarren joan da Donostiarra. Azkenean, laugarren izan dira mirotzak gaurko estropadan, Arraun Lagunaken, Donostiarrarekin eta Tolosaldearen atzetik. Bi jardunaldietako denborak batuta, hirugarren postuan sailkatzea lortu du Oriok.

Bigarren jardunaldiko denborak
  • 1. Arraun Lagunak: 10:36,16
  • 2. Donostiarra: 10:43,02
  • 3. Tolosaldea: 10:46,20
  • 4. Orio: 10:48,34
  • 5. Astillero: 10:55.34
  • 6. Kaiku: 10:59,72
  • 7. Chapela: 11:01,30
  • 8. Hibaika: 11:15,26
Kontxako sailkapen orokorra
  • 1. Arraun Lagunak: 21:04,42
  • 2. Donostiarra: 21:25,08
  • 3. Orio: 21:25,72
  • 4. Tolosaldea: 21:26,60
  • 5. Astillero: 21:45,10
  • 6. Chapela: 21:56,08
  • 7. Kaiku: 22:02,00
  • 8. Hibaika: 22:17,14

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide