Orio Arraunketa Elkarteko hiru arraunlarik ere bat egin dute Ernaik iganderako deitutako manifestazioarekin

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 4a, 14:30

Ernairen mobilizazioarekin bat egin duten arraunlarietako batzuk Donostiako portuan. (Ernai)

Arraun munduko ehun lagun inguruk "Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa" gaitzetsi dute publikoki, eta igandean "arraun egitera" deitu dituzte herritarrak. Egun horretan jokatuko da Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia.

Ernai gazte erakundeak atzo ohar bidez jakinarazi zuenez, arraun munduko ehun lagun inguruk egin dute bat Ernaik igande honetarako Donostian deitu duen mobilizazioarekin. Hain zuzen, egun horretan jokatuko da Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia Donostiako uretan.

Idatzian, sinatzaileek diote gaitzetsi egiten dutela  "Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa", eta "elkartasuna" adierazi nahi dietela isuna jaso zuten gazte guztiei. Idatzia sinatu dutenen artean daude Orio Arraunketa Elkarteko hiru kide: Oihan Gozategi eta Aitzol Elu arraunlariak, eta Iñigo Larrinaga patroia.

Sinatzaileek mozal legearen aurka ere egin dute, hori adierazpen askatasunaren kontrako "tresna argia" dela adieraziz.

Ernaik esan duenez, 133 isun jarri zizkieten iaz –290.500 euro guztira–. Horregatik, arraunlariek euskal gizarteari dei egin diote "bidegabekeria horren aurka arraun egin" dezatela eskatuz.

Ernaik deitutako manifestazioa igandean 13:30ean abiatuko da Donostiako Bulebarretik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide