Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru aldundiek sustatzen dute Gaztenek programa, 28 eta 40 urte arteko nekazariei laguntzeko –lehen sektorean jarduera bultzatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea dira helburuak–. Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean jakinarazi zuenez, hamalau gaztek lortu dute programa horren laguntza, eta tartean daude Aiako, Aizarnazabalgo, Orioko eta Getariako ustiapen bana. Orion esnetarako behiekin eta ahuntzekin lan egiten duen Jose Fernandezek eta Getarian haragitarako behiak dituen Maria Miguezek sektoreaz eta horren etorkizunaz hausnartu dute.
Eraldatze prozesuan
Jose Fernandezek 30 urte ditu, asturiarra (Espainia) da izatez, baina bizitza osoa darama Donostialdean. Haren familiak betidanik izan du ganadua, eta txikia zenetik, tarte bat libre zuen bakoitzean abereekin aritzen zen lanean. Hainbat urtez eraikuntzan lan egin ondoren, Fernandezek bere burua nonbaiten "finkatzeko" garaia zela erabaki zuen, eta nekazari lanetan hasteko helburuarekin, Gaztenek programan izena eman zuen: "Beste edizioetan parte hartu duten nekazariak ezagutu eta euren esperientziaz galdetu ostean, animatu egin nintzen", kontatu du. Hark behiekin eta ahuntzekin lan egiten du Orion, Igeldora bidean duen ustiapenean, eta etorkizunean gazta denda bat ireki nahi lukeela aitortu du.
Fernandezen ustetan, nekazari gazteei "gizarteari zerbitzu bat eskaintzen" ari direlako ematen dizkiete erakundeek laguntzak: "Kontrol bat dago egiten duzunaren inguruan, proposatu duzuna benetan betetzen ari zarela ziurtatzeko. Beste nekazariak ere animatu nahi ditut programan parte hartzera. Bide hau norbaitek bakarrik hasi behar badu, inolako laguntzarik gabe, oso zaila izan daiteke. Gaixotasun asko elikadura txar batetik datoz; beraz, bide ekologikoagatik ez ezik, tokikoak diren produktuengatik apustua egin behar dugu. Kalitate onekoa den edozerk gizarteari lagun diezaioke".
Nekazaritzaren etorkizuna "eraldatze prozesuan" ikusten du gazteak. "Momentu zaila" igarotzen ari direla azaldu du, baina eraldaketa "positiboa" izan daitekeela: "Baikorra naiz. Nekazaritza milaka urtez landu da, eta aldaketa beharrezkoa da. Jende asko kexatzen da, baina nire ustetan, aldaketak onerako dira. Amaiera nolakoa izango den ikusteko, oso hasieran gaude oraindik. Jendea kontzientziatzea espero dut, nekazaritza modu positiboan eralda dezagun".
Laguntzak eta babesak
Maria Miguez Getariako Askizu auzoko bizilaguna da. Goizetan arrandegian egiten du lan, eta arratsaldeetan, berriz, ustiategian. Haren senarra negozioa ixtear zegoen, eta berak erreleboa hartzea erabaki zuen: "Laguntza batzuk zeudela esan zidaten; izan ere, hau ez da izena eman eta kito. Makineria, ganadua... dena erosi behar duzu. Batek bakarrik aurrera egitea zaila da, eta Gaztenekeko laguntzak jasotzea aparta da. Negozio hau inbertsio handi bat da, eta gaur egun ea zein bankuk ematen dizun horrelako lanei aurre egiteko laguntza. Ez dago inolako ziurtasunik soldatari dagokionez, urte batean irabaziak izan ditzakezu eta bestean ez. Baina programa honek aurrera egitea erraztu digu".
38 urte ditu Miguezek, eta gazteek sektorean jarraitzea «oso zaila» ikusten du, besteak beste, "geroz eta burokrazioa gehiago" dagoelako. Berak, esaterako, bi lan ditu: "Goizetan arrandegian egoten naiz, eta gero ustiategian jarraitzen dut lanean. Nekagarria izan daiteke. Dirua irabazteko lan asko egin behar da; ez diru asko irabazteko, bizitzeko baizik".
Bestalde, prezioak "eguneratu" beharko liratekeela iritzi dio: "Harategian prezioak igo egin dira, baina ganaduzaleari ordaintzen zaiona orain dela hogei urtekoaren parekoa da. Esnearen prezioa igotzen ari dela ikusten duzu, baina abeltzainak ez du proportzioan irabazten, eta, horrela jarraituz, negozio hau pikutara doa".
Gaztenek programari dagokionez, askizuarrak balorazio oso ona egin du bere bizipenaz galdetzean: "Programa oso ondo bideratuta dago. Nekazari gazteek elkar ezagutzea ahalbidetzen du. Hala ere, denbora eduki behar duzu, antolatzen dituzten ikastaroak askotan aurrez aurrekoak direlako eta nik ez dudalako astirik izaten horietara joateko. Ahal dudan moduan, horiek online egiten saiatzen naiz. Ustiategia hartu baino lehen, ganadutegi ekologikoari buruzko ikastaroa egin nuen, era ekologikoan lan egitea gustuko dudalako, metodologia erasokorrik gabe eta ahal den modu naturalenean. Beste ikastaro interesgarri batzuk ere antolatu izan dituzte".
Miguezek gehitu du programak erraztasunak eskaintzen dizkiela nekazariei, teknikari batzuek haien lanaren jarraipena egiten dutelako: "Niri asko lagundu didate".