Emakumeek bezalaxe, Orioko gizonek ere datorren igandean Kontxako ohorezko txandan lehiatzeko txartela lortu dute. Bigarren txandan uretaratu da San Nikolas trainerua, besteak beste, Getaria eta Urdaibai parez pare zituela. Indartsu hasi dira, baina ziabogarako bermeotarrek segundo batzuen errenta atera diete oriotarrei, eta bueltakoan, Urbaibaiko mutilek estropada txikitu egin dute.
Estropadaren garaileek 19:05:48 denbora egin dute, eta oriotarrek, 25 segundo eta 22 ehuneneko gehiago behar izan dituzte, 19:30:70 denbora egin baitute. Hala ere, gaurko sailkapenean laugarren lekua erdietsita, helburua lortu dute: ohorezko txandan sartzea. Datorren igandean, beraz, txanda nagusian, Urdaibai, Zierbena eta Donostiarra izango dituzte parez pare oriotarrek.
Aldiz, eskualdeko beste traineruak, Esperantzak, sufritu egin du, estropadaren hasieratik bukaerara. Getariarrek 19:52:16 denbora egin dute helmugan, irabazleek baino 46 segundo eta 68 ehuneneko gehiago. Horrenbestez, datorren igandean kontsolazio txanda deiturikoan arituko dira, bigarren txandan, alegia.