Osteguneko sailkatze saioan apal aritu baldin baziren ere, Patxi Francesen neskek estropada benetan txukuna jokatu dute gaurkoan, eta helburua aise lortu dute: datorren igandeko ohorezko txandan sartzea. Argi geratu da Kontxakoa oso serio hartzen duten estropada dela, eta halaxe erakutsi dute lehen txanda nagusitasunez irabazita.
Lehen txandan, laugarren kaletik, aurkariei –Kaiku, Chapela eta Astillero– 12 segundotik gorako errenta atera diete oriotarrek, nahiz eta, gaurkoan ere, denboraldi osoan zehar erakutsitakoa berretsiz, Arraun Lagunak taldea izan da bizkorrena, 10:28:26 denbora eginda. Arraun Lagunak bigarren txandan jardun da Donostiarra eta Tolosaldearekin batera, Orioren aurkari zuzenekin, alegia, eta Oriok bere txandan ez du Euskotren ligako aurkari zuzenik izan. Hala ere, bigarren sailkatu dira mirotzak, garailearengandik 9 segundo eta erdira (10:37:36). Errenta da, baina datorren igandean erabakiko da dena.
Itsasoa bare eta ia haize izpirik gabe, Oriok dotore jardun du estropada guztian. Denborak alderatuta, ziabogara bitartean segundo baten aldea bakarrik atera dio Arraun Lagunakek, baina itzulerakoan bizkorragoak izan dira horiek eta hor atera dio beste 8 segundo pasatxoko aldea Oriori. Datorren igandean, ohorezko txandan, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea izango ditu arerio Oriok.