Patxi Frances: "Taldeak konfiantza asko eta gogo handiak ditu uretara irteteko"

Julene Sorarrain 2024ko abu. 29a, 10:30

Patxi Frances Orioko entrenatzailea. (artxibokoa)

Hasi dira Kontxako Banderako sailkapen estropadak eta gaurkoan emakumezkoen txanda izango da uretara ateratzeko. 18:00etan ekingo baitiete emakumeek erlojuaren aurkako lehiari.

Gaur 18:00etan hasiko dira emakumezkoak erlojuaren aurka arraunean Kontxako Bandera lehiatzeko txartelaren bila. Patxi Frances Orioko entrenatzaileak aditzera eman duenez,  taldeak "konfiantza handia" du, baita "gogo asko ere" uretara ateratzeko: "Atzo esan genuen bezala, ilusioa ikusten da nesken artean, poza. Hori guztia positiboa dela uste dut, eta are hobeto egin dezaketela erakutsiko dute".

"Denboraldi ona izan dugu aurten. Hasieran taldea osatzea kostatu zitzaigun, baja batzuk ere izan ditugu… Nik uste dut, hala ere, taldeak ondo erantzun duela arazoen aurrean, eta balorazioa orokorrean ona izan da. Beti nahi dituzu gauzak hobetoago egin, baina nik uste dut, posible zein heinean, ahal genuen hobetoen egin genituela gauzak", aipatu du Francesek taldearen balorazioa egiterakoan.

Itsasoari dagokionez, ez dute handia eman egun hauetan, eta entrenatzaileak eskertu egin du: "Aurten denboraldi guztian zehar itsaso nahasia eta desordenatua izan dugu, eta, oro har, itsaso zaila izan da. Hala eta guztiz ere, itsasoa egun hauetan denboraldiko onena izango dela uste dut".

Gaurko egunari erreparatuta, Orioko emakumeek "daukaten guztia" emango dutela azpimarratu du entrenatzaileak: "Azken finean, normala da urduri egotea. Erlojuaren aurka zoaz, eta edozer gauza gerta daiteke uretan, arraun-errotula bat edo ziaboga barrutik... gauza asko gerta daitezke. Nahiz eta une jakin batean uste izan besteak baino hobeagoa zarela. Egin behar dena da irten eta hobetoen egiten dakiguna egin".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide