Kontxako Banderan egoteko lehian izango dira Orioko traineruak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 27a, 13:00

Iraileko lehen bi igandeetan jokatuko da Kontxako Bandera. Aurretik, bihar eta etzi, Kontxako sailkatze estropadak jokatuko dituzte. Bihar gizonen txanda izango da eta ostegunean emakumeena. Ekitaldi horiek tarteko, autobus zerbitzua indartu dute.

Traineru denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa jokatuko dute datozen bi igandetan, Donostian. Irailaren 1ean eta 8an Kontxako Bandera jokatuko dute. Bi igandetako denborak hartuko dira kontutan irabazlea zein den erabakitzeko. Bi igandetan, hilaren 1ean zein 8an, 11:00etan jokatuko dira emakumeen estropadak eta ordubete beranduago, eguerdiko 12:00etan, gizonena. 

Iraileko bi igandetan Donostian egon ahal izateko sailkatze estropadak jokatuko dituzte. Bihar gizonen txanda izango da eta etzi, ostegunez, emakumeena. Bien kasuan, 18:00etan hasiko da lehia. Bietan ere zazpi leku egongo dira jokoan, Donostiarrak leku finkoa izango duelako bi asteburutan.

Gizonek hiru itsas miliako distantzia egin beharko dute, 5.556 metro; emakumeek, berriz, 1,5 itsas milia, hau da, 2.778 metro. Estropadak, ohi bezala, bi luzetara jokatuko dituzte. 

Bietan ere eskualdeko klubak egongo dira parte-hartzaileen artean. Gizonetan, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia izango dira Donostiako Badiako irteera puntuan. Lau traineru hauekin batera, lehian izango dira Ares, Arkote, Astillero, Bermeo, Cabo, Chapela, Castropol, Bueu, Deusto, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra, Ondarroa, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Santutzi, Tiran eta Zierbena.

Emakumeetan, berriz, Orio, Zarautz eta Zumaia arituko dira eskualdeko ordezkari gisa. Hauekin batera, Astillero, Cabo, Amegrove, Chapela, Castropol, Deusto, Donostia Arraun Lagunak, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Rianxo, Perillo, San Juan, Tiran eta Tolosaldea arituko dira jokoan dauden zazpi lekuen bila. 

Autobus zerbitzuaren errefortzua

Kostaldeko herrietako arraunzaleen Donostiarako joan-etorriak errazteko, autobus zerbitzua indartuko du Lurraldebusek bihar, asteazkenean, sailkatze estropaden lehen egunean. Getariako Udalak hala eskatuta indartuko dute zerbitzua eguneko une batzuetan. Hala, Zumaiatik 16:00etan (UK10 linea) eta 16:30ean (UK11 linea) ateratzen diren autobusetan errefortzuko ibilgailuak izango dira. Bueltakoan, Donostiatik 19:30ean (UK11 linea) eta 21:00etan (UK10 linea) aterako diren autobusetan ere errefortzuak izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide