Getarian jokatu dute gaur, igandea, Eusko Label ligako hamabi traineruek asteburuko bigarren estropada, denboraldiko hemezortzigarrena. Orio laugarren ontzirik onena izan da Getariako uretan, baina bandera lortzetik urrun geratu da. Getariako ikurrina lortzeko dema Donostiarrak eta Urdaibaik jokatu dute ohorezko txandan; gainera, epaileek helmugako argazkiari erreparatu behar izan diote. Hasiera batean megafoniatik garaipena bermeotarrentzat eman badute ere, argazkia ikusi ondoren Donostiakoei eman diete bandera. Hain justu, 20.59.48 denbora egin du Torrekua II traineruak, eta 20.59.46 Urdaibaik, zortzi ehuneneko gehiago, alegia. Ohorezko txandan, lehen bi traineru horien atzetik sartu dira Zierbena, hemeretzi segundora, eta laugarren Hondarribia, ia 35 segundora.
Oriok estropadako bigarren txandan egin du arraun. San Nikolas ontziak maila ona eman du gaur ere, eta txanda irabazi du, 21:22.24 denbora eginda. Donostiarra irabazleagatik 22 segundo eskasera gelditu da Orioko trainerua, eta sailkapen orokorreko laugarrenak izan dira Getarian, ohorezko txandan aritu den Hondarribiak kale egin baitu gaur ere. Sailkapen nagusian ere laugarren postuan kokatu dira orain Oriokoak, 156 punturekin –154 puntu ditu Hondarribiak–.
Gaurko estropadaren ondoren, txapelketa matematikoki erabakita utzi du Urdaibaik. Hamargarren aldiz irabazi du liga txapelketa Bermeoko (Bizkaia) traineruak. Halaber, Gorka Aranberri patroi zarauztarrak denboraldiko patroi onenaren saria ere irabazi du.
Hona hemen Getariako XV. Ikurrina-Igez Eraikuntza Sari Nagusiko sailkapena:
- Donostiarra (20.59.38)
- Urdaibai (20.59.46 / + 00.00.08)
- Zierbena (21.18.44 / + 00.19.06)
- Orio (21.22.24 / + 00.22.86)
- Lekittarra (21.30.56 / + 00.31.18)
- Hondarribia (21.33.42 / + 00.34.04)
- Ondarroa (21.44.24 / + 00.44.86)
- Getaria (21.50.12 / + 00.50.74)
- San Pedro (22.14.98 / + 01.15.60)
- Cabo da Cruz (22.15.58 / + 01.16.20)
- Kaiku (22.42.30 / + 01.42.92)
- Bueu (22.54.62 / + 01.55.24)
Kontxarako sailkapen estropada
Datozen bi asteetan Eusko Label ligak etena izango du, iraileko lehen bi asteburuetako hitzordu nagusiari heltzeko: Kontxako estropada. Hain zuzen, asteazkenean eta ostegunean jokatuko dituzte sailkapen estropadak Donostian, asteazkenean gizonek eta ostegunean emakumeek. Guztira, emakumeen hogei traineru eta gizonen 23 ariko dira Kontxako estropada jokatzeko lehian, eta tartean izango dira Orioko gizon-emakumeenak ere. Bi egunetan 18:00etan hasita jokatuko dituzte erlojupeko probak.