Orio bigarren sailkatu da Ondarroako estropadan

Andoni Elduaien 2024ko abu. 24a, 21:18

'San Nikolas' ontzia, aurtengo estropada batean. (Aitor Arrizabalaga)

Denborale eta itsasaldi zakarrak eragina izan du Ondarroako estropadan, eta Urola Kostako bi ordezkarien arteko borrokan, Getariakoen eta Oriokoen artekoan, Esperantza trainerua nagusitu da. Orio izan da bigarren, lau segundo eskasera.

Ondarroako (Bizkaia) urak beti izan dira ezustekoetarako osagai, eta halaxe izan da gaur ere. Gaurko ohorezko txandako lau traineruak atzean utzita, Urola Kostako bi traineruak izan dira onenak. Getariak lortu du Ondarroako 40. Bandera irabaztea, eta bigarren sailkatu da Orioko San Nikolas ontzia, lau segundo eskasera.

Caborena zen lehen txanda amaituta denbora onena, baina denboralearen barealdia baliatu nahian gogotsu bezain indartsu uretaratu dira bigarren txandako lau ontziak: Orio, Getaria, Ondarroa eta Lekittarra. Arraunketa luzea eginez hasi dute lau ontziek lana, eta lehen paladetan Orio eta Ondarroa aurreratu dira. Traineru guztiek ere nabarmen egin dute lehen luzean baborrera itsasoak ekar zezakeen atsedenguneren baten bila; Oriok lortu du lehen ziabogara aurretik iristea, baina zabal samar hartu dute aukeran, eta Ondarroakoek, etxekoek, hartu dute aurrea. Uneren batean epaileak ere sartu dira Orioko eta Ondarroako ontzien artean, eta bandera zuria altxatu dute Ondarroa Orioren kalean zela abisatzeko.

Eguraldiaren, eta nola ez, itsasoaren barealdiak iraun egin du bigarren txanda jokoan zen bitartean, eta eragin nabarmena izan du estropadan. Hasieran txanda irabazteko lehia Orioren eta Ondarroaren artean egongo zela bazirudien ere, isil-isilik egin du aurrera Getariako Esperantza-k; atzetik aurrera egin dute nabarmen bigarren luzean, eta lehia hiru ontzien artekoa bilakatu da hala. Dena den, hirugarren luzean ireki dute zuloa Getariakoek, eta Oriok soilik izan du haiei eusteko gaitasuna. Berriro ere lehia bi ontziren artekoa bihurtu da, baina oraingoan Urola Kostako bi ordezkarien artekoa; Esperantza eta San Nikolas ontziak nor baino nor gehiago.

Azken ziabogara Orio aurretik sartu da, baina Getaria atera da lehenago, eta Getariakoek ez dute alferrik galdu irabazitako tartea. Azken luzean, gainera, ia bi traineruko tartea zabaldu du Getariak; Orio hurbildu bai, baina Getariak eutsi egin dio abantailari. Helmugarako 200 metro eskasen faltan, ababorrera egin dute traineru guztiek olatuen mugimenduak baliatuta zerbait aldatuko zen itxaropenarekin, baina ez. Azkenean, Getaria aurrena, 21.19.16 denbora eginda, lau segundo eta 26 ehunenekora Orio, hamar segundo eta 72 ehunenekora Ondarroa eta 36 segundo eta 40 ehunenekora Lekittarra.

Getariako estropadaren bezperan, Ondarroako bandera Esperantza-rentzat. Urdaibaik, aurtengo denboraldiko traineru onenak eta gaurko ohorezko txandako irabazleak, ezin izan du Getariak egindako lana hobetu, ezta Orioren nahiz bigarren txandan aritu diren beste bi traineruenak ere. Hamar puntu bildu ditu Oriok gaur Ondarroan, eta Hondarribiak, sailkapen orokorreko laugarren postua lortzeko arerio zuzenenak, kale egin du –hamargarren sailkatu da, San Pedroren eta Bueuren aurretik–. Hori horrela, 147na puntu dituzte gaur-gaurkoz Hondarribiak eta Oriok, eta hamar puntura dute Donostiarra.

Ondarroako sailkapena

Hona hemen Ondarroako estropadako sailkapena eta denborak:

  1. Getaria (21.19.16)
  2. Orio (21.23.4 / + 4.26)
  3. Ondarroa (21.29.88 / + 10.72)
  4. Lekittarra (21.55.56 / + 36.40)
  5. Urdaibai (21.55.70 / + 36.54)
  6. Zierbena (22.07.34 / + 48.18)
  7. Donostiarra (22.12.72 / + 53.56)
  8. Cabo (22.33.00 / + 1.13.84)
  9. Kaiku (22.33.66 / + 1.14.50)
  10. Hondarribia (22.41.28 / + 1.22.12)
  11. San Pedro (22.49.50 + 1.30.34)
  12. Bueu (22.51.50 / + 1.32.34)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide