Laugarren izan da Orio Zarauzko estropadetan

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 18a, 17:08

Emakumeen Orioko trainerua, gaur Zarauzko estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zarauzko ikurrinetako bigarren jardunaldia jokatu dute gaur eguerdian eta laugarren izan da Orio Euskotren zein Eusko Label ligetan. 

Zarauzko estropadak eman dio amaiera aurtengo Euskotren ligari. Duela jardunaldi batzuetatik jakina zen Donostia Arraun Lagunak zela aurtengo ligako irabazlea, baina azken egunera arte ez du izan irabazlearen garaikurra jasotzeko aukera. Donostiarrek ezin izan dute borobildu, baina, urteko lana, azken estropada lehen txandan aritu den Tolosaldeak irabazi duelako.

Oriok ezin izan du bezperako emaitza bikaina errepikatu. Atzo bigarren izan zen Arraun Lagunakengandik hiru segundo eskasera. Gaur, berriz, laugarren izan da Tolosaldea, Arraun Lagunak eta Donostiarraren atzetik. 

Liga, aldiz, hirugarren postuan amaitu dute oriotarrek, denboraldi osoan zehar lidergoan egon den Arraun Lagunaken eta Tolosaldearen atzetik. Tolosarrek gaur lortu duen garaipenak eman dizkio puntuak sailkapenean Orio aurreratzeko.

Emakumeen ondoren, gizonen txanda izan da Zarautzen. Eusko Label ligako estropada izan da eta aurretik emakumeen saioan gertatu bezala, hemen ere sorpresa izan da, Donostiarrak astindu duelako irabazlearen bandera, Urdaibairen eta Hondarribiaren aurretik zeharkatuz helmugako lerroa. 

Oriok hobetu egin du bezperan Zarautzen egindako lana. Larunbatean seigarren izan ziren oriotarrak eta gaur bi postu gorago amaitu dute lana, laugarren postuan. Sailkapen orokorrean bosgarren postuan jarraitzen du Oriok, 136 punturekin, eta gaur gaurkoz zaila dirudi laugarren postua eskuratuk duenik, Hondarribiak, laugarrenak, 144 puntu dituelako.

Orio B zortzigarren Bilbon

KAE1 ligako azken estropada jokatu dute gaur arratsaldez Bilbon. Ibaizabalen aritu dira arraunean Bilboko Hiria banderan. Orio B trainerua ondo moldatu da Bilboko ibaira eta zortzigarren postuan bukatu du estropada. Liga hamabigarren postuan bukatu dute oriotarrek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide