Arraun denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat da Zarauzko Ikurrina, eta atzo arratsaldez haren lehen jardunaldia jokatu zuten. Emakumeen kasuan, XVI. Zarauzko Ikurriña jokatu zuten; gizonetan, XLVII. aldia.
Euskotren ligako ontzien arraunketa saioak eman zion hasiera bi egunez luzatuko den kirol jarduera honi. Espero bezala, denboraldian zehar nagusitasuna erakutsi duelako, Donostia Arraun Lagunak izan zen azkarrena bi luzeak egiten. 11:12,72 denboran amaitu zuten lana donostiarrek. Orio izan zen emakumeetan bigarren. Lan ederra egin zuten atzo oriotarrek Zarauzko uretan eta zortzi segundo gehiago behar izan zituzten estropada bukatzeko. Hondarribia eta Donostiarra sailkatu ziren hirugarren eta laugarren postuetan.
Emakumeen lana amaituta, gizonen txanda izan zen eta Eusko Label ligarako puntuagarria zen estropadan borroka polita mantendu zuten atzoko jardunaldian Urdaibaik eta Donostiarrak. Amaieran, 20:43,10 denborarekin irabazi zuen estropada Bizkaiko ontziak, gipuzkoarrek baino lau segundo gutxiagoan. Hondarribia izan zen atzo hirugarren eta Zierbena laugarren. Eskualdeko traineruei dagokionez, Getaria bosgarren izan zen eta seigarren Orio.
Gaur jokatuko dituzte bi banderetako bigarren jardunaldiak, 11:40tik aurrera.
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.