Asteburu garrantzitsua iritsi da Orioko hiru traineruentzat: Zarauzko Ikurrina. Euskotren eta Eusko Label ligetan bi jardunaldi jokatuko dituzte Zarautzen, bata gaur arratsaldean eta bestea bihar eguerdian, eta KAE1ekoek eta ETEkoek jardunaldi bakarra edukiko dute; gaur eguerdian izango da hori, 11:45ean.
Euskotren ligan, Orio sailkapen nagusian hirugarren da Arraun Lagunak eta Tolosaldearen atzetik, eta liga dagoeneko donostiarrek matematikoki irabazita duten arren, bigarren tokia eskura du oraindik Orio, bi puntuko aldea soilik baitago bi taldeen artean. Gaur 17:25ean hasiko dira emakumeen estropadak, eta bihar, 11:20an.
Eusko Label ligan ere Oriok aukera du sailkapenean gora egiteko: bosgarren da 120 punturekin, eta zortzi puntura daude hirugarrena eta laugarrena: Donostiarra 128 punturekin, eta Hondarribia, 124 punturekin. Gaur 18:21ean hasiko da gizonezkoen estropada, eta bihar, 12:21ean.