'Txori', Arrantzale kaleko kantari argia

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 18a, 09:00

Bati baino gehiagori irribarrea ateratzen zaio Txori loroaren etxe ingurutik pasatzean, hainbat soinu egiten duelako bere etxeko balkoitik. Orio Gukak hegazti berezi hori ezagutu nahi izan du, eta Idoia Urkizu jabeak kontatu ditu hari buruzko datuak eta xehetasunak.

Idoia Urkizuk hiru hilabeterekin eraman zuen etxera Txori loroa. Orain 9 urte ditu, eta Arrantzale kaletik pasatzen den orok ederki daki noiz egoten den balkoian, era guztietako soinuak egiten baititu. Yaco espezieko loroa da, eta Urkizuk Orio Gukari kontatu dio oso espezie argia dela: "Oso inteligenteak dira, eta asko sufritzen dute. Beti egon behar duzu beren gainean, estimulatzen, gauzak erakusten, musika jartzen... Entretenimendua behar izaten dute", azaldu du, eta Idoiaren etxean ez du halakorik falta, Urkizu herriko abesbatzako kidea baita, eta etxean pianoa ere badaukate eta. "Estimulurik gabe pikatu egiten dira; estresatu egiten dira edo triste jarri, eta lumak kentzen dizkiete beren buruei. Horregatik, balkoira atera behar dira, soinuak eskaini, irratia jarri, musika jarri...".

Errepertorio zabala dauka Txorik: kirolari lotuta, Aupa Real! esan dezake, baita Aupa Orio edo Nola egiten du Agirretxek? Goool!. Abesti zatiak abes ditzake –Pintto, Pintto; mendebaldeko filmeetako soinu bandak; eta beste hainbat– edo bere buruari hitz egin, Txori, txintxo esanez.

"Oso argiak dira; egunero ikasten duzu zerbait berria beraiekin. Gure etxean realzaleak gara, eta lehenengo gauza ikasi zuena izan zen: Nola egiten du Agirretxek? Goool! Futbola ikusten duen bakoitzean hasten da Aupa Real! esanez", kontatu du haren jabeak. Gainera, gauzak ondo ikasi arte ahapeka aritzen dira loro horiek: "Nire ahizpak Antxiñe izena du, zaila da esateko, eta hasieran ahopeka bezala esaten zuen Txorik, ez zegoelako ziur garbi esango zuenik. Eta gero, bat-batean, bota zuen. Gauza bera Tipi-tapa, Korrika esaldiarekin. Ahapeka aritzen zen zatiak esaten. Hori bai, dena ikasi zuenean, ero moduan aritu zen, kar-kar!".

Yaco espezieko loroa da Txori, jatorri afrikarrekoa. (Utzitakoa)

Bestalde, ez dira lagunartean egoteko hegaztiak. "Txikitan edonorekin joaten zen, baina heldutasun puntu bat hartu zuenean, erreferentziazko pertsona bat hartu zuen. Esan zidaten arra baldin bazen normalean emakume bat hartzen dutela erreferentetzat, eta alderantziz. Txori nigana etortzen da gehiago. Esaterako, etxean senarra eta biok egonda, kaiolatik ateratakoan ez da joaten harengana. Lehen joaten zen, baina gero koska egitera joaten zitzaion". Orain, lortu dute lasaiago egotea. "Asko maite du senarra, deitu egiten dio, Xabiii!, baina mimoak eta nahi baditu, nirekin nahi izaten du. Seme-alabekin ere ez du nahi. Alabari, adibidez, esaten dio maite-maite bai, baina gero, gerturatze denean...".

Gauza polit eta graziadunak bezala, hitz itsusiak ikasteko ere gai dira loro horiek, baina Urkizuk trukoa dauka horren aurrean: "Kontu pixka bat ibili behar da, baina nik ohitura daukat zerbait ondo esaten duenean, oso ondo egin duela esateko. Hortaz, hitz itsusiren bat esaten badu, ez diot ezer esaten, ez diot kasurik egiten. Ona denean azpimarratu egiten dugu, eta opari bezala, intxaur zatiren bat ere ematen diot: badaki berak saria duela ondo esanez gero. Kanpinera joaten garenean, esaterako, kanpoan edukitzen dugu, eta guk bizikleta buelta egiten badugu, jendeak gauzak erakusten dizkio. Athletic! esaten ere erakutsi zion norbaitek, kar-kar".

'Txori', Urkizuren sorbaldan, hori pianoa jotzen ari zen bitartean. (Utzitakoa)

Urkizuk bitxikeriak ere kontatu ditu: "Behin, etxetik atera behar nuen, eta Txori egongelan aske zebilen. Kaiolan sartu nahian hasi nintzen, eta ez zuen nahi, eta armairuaren gainetik, begira gelditu zitzaidan, eta zera esan zidan: Ze ostia, zer pasatzen da? Ni txundituta gelditu nintzen, pertsona batek bezala adierazi zuelako sentitzen zuena".

Abesti zatiak kantatzeaz eta hitzak esateaz gain, soinuak ere ederki imitatzen ditu. "Soinu asko egiten ditu, eta batzuk nahasgarriak izan daitezke: mikrouhin labearen amaierako soinua, zabor-kamioiak atzera joateko martxa sartzen duenean egiten duena, zorrozkiloarena, sakelako telefonoarena edo etxeko tinbrearena...".

Urkizu gehien harritzen duena da Txori gauzak erlazionatzeko gai izatea. "Hasieran uste nuen Txori-k gauzak errepikatuko zituela zentzurik gabe, baina zentzua du esaten duenak: ume batek bezala, momentuan, egoera bakoitzean erantzuten du, eta horrek harritzen nau". Beraientzat familiako bat gehiago den galdetuta, baietz dio Urkizuk: "Niretzat ume txiki bat da, nik galdetu eta berak erantzun egiten didalako. Ez beti, noski, nahi duenean, baina zentzuarekin egiten du", esan du, samur.

Ezaugarriak:

  • Jatorria: "Yaco izeneko loroa da, izatez espezie afrikarra da, baina Txori euskalduna da, Bilbokoa. Gaur egun babestutako hegaztia da, baina nik dena modu legalean egin nuen, eta ez nuen edozein tokitan erosi. Nirea dela dioen dokumentazioa daukat, eta hankan eraztuna badarama informazioarekin. Oporretara gurekin eraman ezin dugunean Irungo Maita izeneko zentrora eramaten dugu, eta oso gustura egoten da".
  • Bizi itxaropena: "70-80 urte bizi daitezke, baina asko lehenago penaz hiltzen dira".
  • Elikadura: "Egunero fruta naturala jaten du, edozein fruta, zati txikitan. Horrez gain, pentsu berezia ematen diot, behar dituen bitamina eta gauza guztiekin. Eta, horrez gain, pipak, intxaur zatiak... edukitzen ditut sari gisa emateko. Naturala behar du izan guztiak, ez pipak frijituta eta. Gero, menestra edo arroza jaten badugu, ale batzuk jartzen dizkiot".
  • Zainketa: "Ez du zainketa berezirik behar, baina garrantzitsua da estimuluak edukitzea, baita kaiola eta gela egokiak izatea ere, adibidez".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide