Imanol Alguacilen Realak igandean hasiko du 2024-2025 denboraldia, etxean

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 16a, 12:30

Imanol Alguacil, prentsaurreko batean. (Reala)

Reale Arenan jokatuko du talde txuri-urdinak Rayo Vallecano madrildarren aurka, 19:00etan. Oriotik autobusa antolatu dute aurten ere bazkideek joan-etorria egiteko. Denboraldiko kuota zehaztu dute, eta jakinarazi dute partida solteetara joateko aukera ere badagoela.

Imanol Alguacil entrenatzaile oriotarraren Realak bihar jokatuko du 2024-2025 denboraldiko ligako lehen partida, eta etxean egingo du, Donostian, Reale Arena estadioan, 19:00etan hasita.

Rayo Vallecano talde madrildarra izango dute aurrez aurre txuri-urdinek, eta denboraldia garaipenarekin hasten saiatuko dira.

Realeko gizonezkoen partidak ikustera joateko aurten ere autobusa antolatu dute Realeko bazkide oriotarrek, eta ohi bezala, herriko autobus geltokian elkartuko dira partida hasi baino ordu eta erdi lehenago: igandean, beraz, 17:30ean aterako dira hiribururantz.

Autobusaren kuota eta baldintzak

Autobuserako izen-ematea zabalik egon da Uranga burdindegian uztail amaierara arte, baina arduradunek Orio Gukari azaldu diote denboraldi osoan zehar egongo dela izena emateko aukera, baita partida solteetarako ere –azken kasu horretan, partida baino bi egun lehenago eman beharko da izena Uranga burdindegian–.

Denboraldiko kuota 150 eurokoa izango da helduentzat, eta 1oo eurokoa, berriz, 16 urte edo gutxiago dituztenentzat. 24 partida ikustera joango dira, 19 ligakoak, lau UEFAkoak eta bat Kopakoa.

Izena behin denboraldia hasita ematen duenari, deskontua egingo diote; hau da, kuotaren zati bat bakarrik ordaindu beharko du.

Izena eman nahi duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak, Uranga burdindegian (Eusko Gudari kalea) galdetu beharko du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide