Junior mailako Munduko eskubaloi txapelketa jokatuko du Libe Arruabarrena oriotarrak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 14a, 13:00

Libe Arruabarrena selekzioarekin jokatutako partida batean.

Txinan jokatuko dute txapelketa gaur hasi eta abuztuaren 25era bitartean. Egiptoren aurka jokatuko du Espainiako selekzioak gaur bertan.

Junior mailako eskubaloi txapelketa jokatuko dute gaur hasi eta abuztuaren 25era bitartean Txinan. Espainiako selekzioak txapelketarako deialdian sartu dituen jokalarien artean oriotar bat dago, Atarrabiako Beti-Onak taldean jokatzen duen Libe Arruabarrena, hain zuzen.

Selekzioko hautatzaile Cristina Cabezak txapelketara begira egindako lehen deialdian zegoen Arruabarrena. Behin kontzentrazioak eta prestatze saioak eginda, azken galbahe bat egin zuen, eta Txinan gaurtik aurrera jokatuko duen taldea erabaki zuen. Horien artean da oriotarra.

Espainiako selekzioak Egipto, Errumania eta Suitza izango ditu aurkari bere multzoan. Gaur eguerdian jokatuko du Egiptoren aurka, eta sailkatze fasea ahalik eta hobekien hastea izango du helburu, afrikarrei irabazita. Etzi, ostiralez, Errumaniaren aurka jokatuko du eta egun bat geroago, larunbatean, Suitza izango du aurkaria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide