Erreginaren Kopan aritu da OBB softbol taldea Valentzian

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 13a, 09:37

Orioko softbol taldea Herrialde Katalanetan aritu da Erreginaren Kopako norgehiagokak jokatzen. Ezin izan dute aurrera egin, baina denboraldian zehar egindako lana goraipatu dute.

Erreginarne Kopa jokatzen aritu da OBB taldea pasa den asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak). Bi partida jokatu zituzten oriotarrek, lehenbizi Valentzia bertako Fenix taldearen aurka, eta Sant Boiren aurka ondoren. 

Partida berdindua izan zen OBBk Fenixen aurka jokatutakoa. Hasieran ez bata ez bestea ez zen gai izan markagailura tantorik igotzeko, biek ere defentsan egindak lan handiaren seinale. Valentziarrek zazpigarren sarreran lasterketa bat lortu zuten, eta oriotarrak ez ziren hura iraultzeko gai izan. 

Sant Boiren aurkako partida irabazi behar zuen OBBk Kopan aurrera egin nahiko bazuen. Aurrekoan bezala, berdindua izan zen lehia, eta hasieran bi taldetako inor ez zen gai izan markagailura tantorik igotzeko. Oriotarrek bigarren sarreran sartu zuten lehenengo lasterketa, baina hirugarren sarreran kataluniarrek hiru lasterketarekin erantzun zieten. OBBk berehala egin zuen bigarren lasterketa, eta lehian jarraitzeko gai izan zen. Seigarren sarreran Sant Boiek lau lasterketa lortu zituen eta aldea handitu zuen. Zazpigarren sarreran erreakzionatzeko gai izan ziren OBBko jokalariak, baina ez aldeari buelta emateko. 10-5 emaitzarekin bukatu zen partida Herrialde Katalanetako jokalarien alde. 

Erreginaren Kopan aurrera ez egitearen etsipena dutela diote OBBtik, baina taldeak denboraldi honetan egindako lan bikaina goraipatu dute. "Koparako sailkatzea meritu handia da eta euren lan gogorrari esker Ohorezko mailako softbol liga nazionalean bigarren postuan geratzea lortu dute".

Aurrerantzean, beheko mailan zentratuko direla ere azaldu dute Orioko klubeko arduradunek, baita gazteek Zaragozan (Aragoi, Espainia) jokatuko duten 18 urtez azpikoen txapelketa prestatuko dutela ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide