Laugarren eta bosgarren izan da Orio gaur Hondarribian

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 10a, 21:56

(Aitor Arrizabalaga)

Hondarribian jokatu dituzte gaur arratsaldez Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Bietan ere, sailkapeneko erdi aldera sailkatu dira Orioko ontziak.

Gipuzkoako ekialdera egin dute asteburu honetan Euskotren eta Eusko Label ligetatako arraunketa saioek. Gaur Hondarribian jokatu dituzte estropadak; bihar, berriz, Pasaiak hartu du estropada hauek antolatzeko ardura.

Euskotren ligarako puntuagarria den XVI Txingudiko Bandera-Balfego Sari Nagusia jokatu dute arratsaldez. Orioko emakumeen  trainerua ohorezko txandan aritu da Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera. Ez da sorpresarik izan, eta ligan dagoeneko ohikoa denez, Donostia Arraun Lagunakek astindu du irabazlearen bandera; bigarren izan da Donostiarra, Tolosaldea hirugarren eta Orio laugarren postuan sailkatu da gaur. 

Gaurko saioaren ondoren, Orio eta Donostiarra 75 puntura berdinduta daude Euskotren ligako sailkapen orokorrean, hirugarren eta laugarren postuetan, hain zuzen. Liderra da Donostia Arraun 104 punturekin, eta Tolosaldea da bigarren 79 punturekin. Borroka polita izan daiteke sailkapeneko hurrengo hiru postuetan dauden hiru kluben artean.

Behin emakumeen lana amaituta, gizonen txanda izan da. Hondarribiko XXXVII. Bandera-Mapfre Sari Nagusia izan dute jokoan Eusko Label ligarako puntuagarria izan den saioan. Orio bigarren txandan aritu da, eta irabazle izan da Ondarroarekin borroka estua mantendu ondoren. Hogei minutu pasako lanaren ostean, hamasei ehuneko aldea besterik ez da izan Orioren alde Ondarroarekiko. Ohorezko txandan aritu diren lau ontziek, baina, Orioren denbora hobetu dute, eta, amaieran, eguneko sailkapenari dagokionez, bosgarren izan da Orioko Arraunketa Elkarteko ontzia. Bandera Urdaibaiek irabaiz du.

Ligako sailkapenean bosgarren postuan jarraitzen du Oriok, 110 punturekin. Aurrean du Donostiarra, laugarren postuan, zazpi puntu gehiagorekin.

Bihar Pasaian

Bihar eguerdian Pasaian jokatuko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Emakumeen kasuan, Gertu Eraikuntzako Bandera izango dute jokoan, 11:25ean hasita. Haren bukaeran, gizonen txanda izango da. Sanpedrotarrak antolatutako I. Adinberri Bandera jokatuko dute 12:21ean hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide